ZAISA TXINGUDIK URRIAN HASIKO DU DENBORALDI BERRIA
Errugbia

ZAISA TXINGUDIK URRIAN HASIKO DU DENBORALDI BERRIA

Klubak harrobia eta Touch sekzioa indartzea, emakumeen taldea sortzea eta seniorrak lehen mailara itzultzea izanen du helburu

Zaisa Txingudik urrian emanen dio hasiera 2022/23 denboraldiari, baina dagoeneko hilabete oso bat darama lanean. Klubeko taldeek abuztuaren 1ean hasi zituzten aurredenboraldiko entrenamenduak eta aurtengo helburuak ere finkatuak dituzte. Txingudiren erronka nagusiak, hain zuzen ere, harrobia eta Touch sekzioa sendotzea, emakumeen taldea sortzea eta seniorrak lehen mailara itzultzea izanen dira.

Urriaren 1ean, larunbatarekin, hasiko dute Liga senior eta 16 eta 18 urtez azpiko taldeek, baina kluba dagoeneko denboraldia prestatzen hasia da. Batez ere, harrobia lantzen hasi dira berriz ere bidasotarrak eta errugbi eskolari oinarri sendoak jartzen. Pachi Garcia Zaisa Txingudiko zuzendari teknikoak adierazi duenez, “horren aldeko apustua egin genuen duela urte batzuk, eta emaitza gaur egun ikus dezakegu; kategoria gehienetan taldeak izateko ahalmena dugu. Norabide horretan jarraitu nahi dugu, eta egun daukaguna indartu”. Honen harira klubak aurten izanen duen berrikuntza Baztango BRT Menditarrak taldetik etorriko diren jokalariak izanen dira, 10 eta 18 urtez azpiko taldeak indartzera.

Emakume senior taldea sortzeko nahia

Bidasotarren klubeko aurtengo erronka nagusia emakumezko senior talde bat sortzea da, izan ere harrobian badituzte neskak, baina ez dute lortu kategoria gorenean emakumerik edukitzea. Horretarako, lan berezia egiten ari da Zaisa Txingudi eta uztailean aurkeztu zuten plana martxan jarriko dute irailean. Garciak eman du plan honen berri: “16 urtez azpiko kategoria arte, errugbia kirol mistoa da eta beraz, 15 urtera arteko neskek gure kirolaz gozatzeko espazio bat dute. Hala eta guztiz ere, irailaren 13tik aurrera, asteartero 17:30etik aurrera, klubean dagoeneko jokatzen duten neskek, zein probatzera etorri nahi dutenek, Plaiaundiko instalazioetan izango dute entrenamendu propioa”.

Touch sekzioa indartzeko hautua

Zaisa Txingudik ere Touch modalitatea sendotzeko helburua du. Pasa den denboraldian, estatuko 2. mailan lehiatu zen talde hau eta aurten ere Plaiaundin arituko da entrenatzen. Irailaren 12an hasiko dira aurredenboraldia prestatzen eta entrenamenduak astelehenetan 19:00etan eta asteazkenetan 20:00etan ospatuko dituzte.

Senior taldeak lehen mailara itzuli nahi du

Maila goreneko Zaisa Txingudiko gizonezko taldea abuztuaren 1ean hasi zen aurrendenboraldiko entrenamenduekin. Bertan, Iñigo Camareroren mutilek Jose Mari Zabala entrenatzailearen laguntza izan dute alde fisikoa lantzeko eta gainera, 16 eta 18 urtez azpiko jokalarien partehartzea ere izan dute Plaiaundin. Talde honen helburu nagusia lehen mailara itzultzea izanen da.

2022/23 denboraldi honetarako zenbait baja izan du lehen taldeak. Hain zuzen ere, Ekaitz Aiak eta Lander Vielbak (23 urtez azpiko Hernaniko taldera joan dira), André Ferreirak (Stade Hendayais), Unai Herrerok (Bordele), Sylvain Lapeyrek (AS Urruñarrak), “Pachi” Garciak, Ugo Poncinik, Roman Solísek, Julen Emparanek, Enoch Ferkak, Rodrigo Combinak, Luken Crouzatek, Mikel Carvajalek eta Erik Gonzalezek (arrazoi desberdinengatik) talde utzi dute.

Honi oreka bilatzeko, beste hainbat jokalari berri ere etorri dira aurtengo taldea osatzera. Esate baterako, Urko Genuak eta Ioritz Francok denboraldi pare baterako erretiroa hartua zuten eta honi bukaera emanen diote aurten. Gainera, Gorma Martinez Australiatik bueltatu da eta Gabriel Lizarazu eta Jon Sanchez ere taldera gehitu dira. Hauekin batera, 18 urtez azpiko taldetik beste lau gazte ere egonen dira: Erlaitz Ayuela, Oier Mendi, Asier Aramburu eta Aritz Rodriguez.

(Argazkia: Lea Etxeberrieta)

KIROLETIK - TXINGUDI ERRUGBI KLUBEKO NESKAK
Errugbia

KIROLETIK - TXINGUDI ERRUGBI KLUBEKO NESKAK

Zaisa Txingudi kluba erronkez betetako denboraldia prestatzen ari da. Klubak harrobia eta Touch sekzioa sendotzeaz eta seniorren gizonezkoen taldea euskal lehen mailara itzularazteaz gain,...

ZAISA TXINGUDIK URRIAN HASIKO DU DENBORALDI BERRIA
Errugbia

ZAISA TXINGUDIK URRIAN HASIKO DU DENBORALDI BERRIA

Klubak harrobia eta Touch sekzioa indartzea, emakumeen taldea sortzea eta seniorrak lehen mailara itzultzea izanen du helburu

TXINGORDIK IRABAZI DU FAT RUGBY TXAPELKETA
Errugbia

TXINGORDIK IRABAZI DU FAT RUGBY TXAPELKETA

Monzonen jokatu zen txapelketa, Quebratahuesos RC taldeak antolatuta, eta Txingudi Rugby Klubeko taldeak irabazi zuen

ZAISA TXINGUDIK KLUBEKO EGUNA OSPATZEN AMAITU DU DENBORALDIA
Errugbia

ZAISA TXINGUDIK KLUBEKO EGUNA OSPATZEN AMAITU DU DENBORALDIA

Talde bidasotarrak lesioek baldintzatutako denboraldi honi agur esan zion larunbatean eta dagoeneko hurrengoari begira jarri da

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika