ANTXON MENDIA: “INSTITUZIOEK EZ BADUTE DIRU GEHIAGO JARTZEN BERTAN BEHERA GELDITUKO DA ITZULIA”

Antxon Mendia Bidasoa Itzuliko koordinatzaileak aurtengo edizioaren balorazioa egin du eta instituzioen laguntza beharrezkoa dela azpimarratu du

Maiatzaren hasieran, hilak 5, 6 eta 7 hain zuzen ere, Bidasoa Itzulia izan genuen eskualdean. Bi urteren ondoren berriz ere antolatzea lortu zuten eta ohiko maila erakutsi zuten bertan parte hartu zuten txirrindulariek. Hala ere, antolatzaileek etapa eta talde kopurua murriztu behar izan zuten aurten aurrekontu faltagatik. Antxon Mendia Bidasoa Itzuliko koordinatzaileak aipatu duenez, datorren urtera begira instituzioek ez badute beraien laguntza handitzen, ezingo da lasterketa ezaguna ospatu.

Bi urteren ondoren Bidasoa Itzulia bueltan izatea berri pozgarria izan da, ezta?

Bai, kostata baina itzuli gara eta nahiko ondo. Azken momentura arte ez da erabaki zein izango zen irabazlea eta ondo. 

Ikuskizun ederra izan zen hiru egunetan. Lehendabiziko etapa Irrisarrin amaitu zen eta bertan Gomurreko Alejandro Francok irabazi zuen.

Bai, normalean han irabazten duenak gero Itzulia irabazten du. Franco ondo ibili zen bertan, baina azkenean galdu zuen liderraren maillota Erlaitzeko jeitsieran. 

Antolatzaileek beti asmatu izan dituzue leku xarmantak.

Bai, bakarrik bat gelditu zaigu. Ez dakit lortuko dugun diru aldetik eta, baina Amaiur gelditu zaigu. Amaiurreko muga zoragarria da. Elizondorekin hitz egin genuen, Baztango Udalarekin, baina azkenean bertan behera gelditu zen ez baitzeukaten aurrekonturik horretarako. 

Bigarren etapak ere bere interesa izan zuen. Garai batean Hondarribiako Kale Nagusira iristen zen eta zoragarria izaten zen.

Alejandro Valverdek, Beñat Intxaustik, Jorge Azanzak eta beste txirrindulari batzuk han bertan irabazi dute. Helmuga polita zen, estua baina polita. Jaizkibeletik jeitsi eta normalean zortzi edo bederatzi iristen ziren. Faltan botatzen dugu, baina etapa hori berezia da eta mantentzen dugu.

Hirugarren etapa ere, Irun-Irun, Jaizkibeletik pasatzen da.

Bai, Lastaolatik San Martzialerako bidea gaineratu genuen ez zelako lasterketa puskatzen Erlaitzen. 2,5km gehiago jarri genituen, baina oraindik ere ez da xehetzen. Azkenean, jeitsierak erabakitzen du. Erlaitz inguruan bidea dago, gora egiten du, eta luze egiten da. Indartsu egon behar da eta bertan galdu zuen, hain zuzen ere, Alejandro Francok Itzulia. 

Zuzendari batzuk galdetzen dizute azken etapa hori luzatzeko, baina ongi dago ezta?

Nik ez nuke aldatuko, ez baita hain erraza. Falta zaiguna beste etapa da eta hori Gipuzkoan egitea. 

Eta Hendaian helmugaratuko da noizbait?

Nik ez dut ikusten oraindik. Baikorra naiz, baina ez dago interesik. Beste batzuek mugitu behar dute hori eta ez bakarrik Hendaian helmugaratzearena. Diru gehiago behar dugu. Instituzioek ez badute diru gehiago jartzen bertan behera geldituko da Itzulia, argi eta garbi. Diru aldetik, guk kontrolatzen ditugu gauza guztiak eta horri esker ateratzen da lasterketa. Aurten ere bi talde etorri dira beraiek dena ordainduta. Hau polita da kanpotik, baina barrutik badakigu nola gauden. Bizkaiako eta Arabako Itzuliak desagertu dira baita ere. Nafarroako Itzuliarekin alderatzen dut nik, eta bertan aurrekontua bikoizten dute. Gure Itzulian 100tik 30 instituzioek jartzen dute, ondo. Baina beste 70a babesle pribatuak dira eta, gaur egun, ez daude ondo. Hemendik bi edo hiru urtera begira jartzen naizenean, arazo pila bat ikusten ditut. 

Deigarria da harrobiko Itzuli garrantzitsuenetako bat izanda, hainbesteko zailtasunak edukitzea bere garrantzia aitortzeko…

Bai, Eolo Kometako zuzendariak, Rafael Diaz Justok, erran zidan Bidasoa Itzulia profesional mailarako jauzia egiteko lasterketetako bat zela. Valverdek, Intxaustik eta orain maillot arrosa duen Juan Pedro Lopezek, adibidez, hemen irabazi dute.

Haritz Sein eta Haimar Etxeberria irundarrek ere lan ona egin zuten Itzulian.

Nahiko ondo. Itzuli bat 19 urterekin bukatzea oso ondo dago. Hor aurrean egotea salbuespena izaten da. Lehenengo parte hartzean bukatzea ondo dago, datorren urtean beste helburu batzuk izango dituzte.

Trafikoko kontua ere konpondu behar da, hori buruhaustea izaten da, ezta?

Bai, Nafarroan errazagoa da, baina Gipuzkoan zaila da. Hendaiako helmuga bat, adibidez, Nafarroatik etorrita egin beharko litzateke, bestela oso zaila da. Orion egin genuen behin, Zarautz-Zarautz etapa ere proiektu bat da, baina han egin behar da osorik, bestela ezinezkoa. Oso konplikatua da eta astean zehar gehiago.

Hurrengo urtera begira hasi zarete pentsatzen dagoeneko?

Momentuz ez. Orain ordaindu behar da dena eta dirua lortu behar da horretarako. Saiatzen gara bi edo hiru hilabeteetan hori dena bukatzen. Datorren urtera begira berriz, asko aldatu beharko dira gauzak. Nahiz eta kirol aldetik ondo izan, antolatzaileen aldetik, ez badira politikoak mugitzen, bertan behera geldituko da lasterketa. Lau etapa genituen eta hogei talde partehartzaile. Hori berreskuratzea da helburua eta ez badugu hori lortzen ez dugu jarraituko. Azken finean, baloratzea nahi dugu eta bultzada beharrezkoa dela ikustea. 

HAIMAR ETXEBERRIA HAMAHIRUGARREN ESPAINIAKO TXAPELKETAKO ERLOJUPEKOAN

Pasa den ostiralean lehiatu zen Espainiako Txapelketako erlojupekoa Mallorkan eta txirrindulari irundarra hamahirugarren sailkatu zen

JUANMA GARATE TXIKI DUATLOIA GIRO EDERREAN OSPATU ZEN

Hemezortzi haurrek hartu zuten parte duatloiaren lehenengo edizioan 

Pasa den igandean, ekainak 19, Juanma...

DONE PEDRO SARI NAGUSIA OSPATUKO DA BERRIZ ERE IRUNEN

Bi urteren ondoren, estatuko lasterketarik zaharrena bueltan izanen da Irunen zenbait berrikuntzekin

Atzo, ekainak...

JUANMA GARATE TXIKI DUATLOIA OSPATUKO DA IGANDEAN

Irunes Txirrindularitza Taldeak eta Bidasoa Atletiko Taldeak elkarlanean antolatu dute ekitaldia

Igande honetan,...

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika