Albert Carbó: “Zaleak bertan egotea guretzat motibazio gehigarri bat da”
Real Unionek Athletic Club B bisitatuko du bihar (maiatzaren 24ean, 19:00etan), Lezaman, denboraldiko azken partidua jokatzeko. Pasa den asteburuko berdinketaren ondotik, oraindik ere erabaki gabe dago talde txuribeltzak Lehen RFEF maila mantenduko duen ala ez. Ez dago soilik irundarren eskuetan, izan ere, garaipena eskuratzeaz gain, ondokoen emaitzen esperoan egon beharko da Albert Carbóren taldea.
Aste hasiera zaila izan da Real Unionentzat, pasa den asteburuko berdinketak zapore gazi-gozoa utzi baitzuen jokalarien artean. Hala ere, burua altxatu eta hurrengo aurkariari begira jarri ziren segidan, denboraldiko azkena izanen den aurkariari hain zuzen ere. Albert Carbó entrenatzaileak onartu duenez, “konfiantza hartzen joan dira jokalariak eta aste zailari aurre egin diote. Talde orain ongi dago, bai mentalki baita fisikoki ere”.
Athletic Club B taldea ongi aztertu dute biharko: “Jokalariek partidurako plan bat behar zuten eta hori egin dugu, beti ere aurkaria aztertuz. Bigarren itzuliko talderik onena da eta euren on guita indargabetzen saiatu behar gara”. Bilbotarrek filial guztien ezaugarri berak dituzte eta hori iraultzeko gai izan behar da Real Union, “amesten dugun garaipena eskuratzeko”, Carbóren hitzetan.
Talde txuribeltzak abantaila txiki bat ere izanen du bihar Lezaman. Izan ere, klubetik antolatutako sei autobus bete dituzte zaleek, taldeari euren babesa eskaini ahal izateko. Entrenatzailea pozik agertu da afizioaren keinuarekin: “Pozaren pozez gaude. Zaleei gure eskerrik handiena adierazi nahi diegu. Azken partiduan babesa erakutsi ziguten eta orain, sei autobus bete dituzte Lezamara joateko, baita kotxeak ere. Guretzat motibazio gehigarri bat da hori, etxean bezala sentituko baikara, eta hori itzultzen saiatuko gara zelaian”.
Garaipena eskuratu beharko du Real Unionek bihar, baina hori ez da nahikoa izanen Lehen RFEF maila mantentzeko. Izan ere, sailkapenean ondoan dauden taldeen emaitzei begiratu beharko die, eta hauek aldekoak izan beharko dira. Hala ere, Carbók ez du oraindik hortan pentsatu: “Gure buruan garaipena eskuratzea dago soilik. Partidua bukatzean ikusiko dugu ea bertze emaitzek ere laguntzen gaituzten. Gure alde badira, ospatuko dugu, eta bertzela, zutik hilko gara. Baina lehenik, biharko aurkariari begiratu beharko diogu, ez dela erraza izanen”.