Alex Mozas: “Egun bakarrean entrenatu ahal izan dugu, baina taldea profesionala da eta motibazioz bidaiatuko du”

2026/10/16
Irudek Bidasoa Irunek Horneo BM Alicante bisitatuko du bihar, urriaren 17an, Nexus Energia ASOBAL Ligako seigarren jardunaldia jokatzeko (18:00). Limoges-en kontra sentsazio onak izan ondotik allegatzen hitzordu berri hau, beraz hori baliatuko dute bidasotarrek seigarren garaipena segidan lortzeko helburua lortu ahal izateko. Entrenatzeko astirik izan ez badute ere, aurkaria ongi aztertu dute eta ideiak garbi dituzte.
Alex Mozas: “Egun bakarrean entrenatu ahal izan dugu, baina taldea profesionala da eta motibazioz bidaiatuko du”
Irudek Bidasoa Irunek Horneo BM Alicante bisitatuko du bihar, urriaren 17an, Nexus Energia ASOBAL Ligako seigarren jardunaldia jokatzeko (18:00). Talde irundarrak galdu gabe segitzen du Ligan eta lider da sailkapenean, Recoletas Valladolid taldearekin punturekin berdinduta (Barçak partidu bat jokatu gabea du). Hala ere, entrenamendurako tarterik eduki gabe bidaiatuko du gaur Alicantera, asteartean Limoges kontra jokatu baitzuen eta, bidaiak tarteko, saio bakarra egin ahal izan du. Mozas kezkatuta azaldu da horrekin, nahiz eta bere jokalarien profesionaltasunak konfiantza ematen diola onartu duen. Alicante “baden proiekturik sendoenetako bat” dela aitortu du Alex Mozas entrenatzaileak, baita “kalitate handia” duena ere. Aurtengo denboraldian, Torrelavega edota Puerto Sagunto bezalako taldeen kontra garaipen garrantzitsuak lortu dituela jakinarazi du Mozasek eta Bidasoarentzat beraz, “irteera zaila” izanen dela. “Autobusean ordu aunitz dira eta entrenamendu guti izan dugu”, gaineratu du. Hala ere, talde irundarra inoiz entrenatu duen talderik serioena dela ere azpimarratu du entrenatzaileak: “Pistan lan guti eginda ere, aurkaria ongi aztertzen duen taldea da. Oso serioa da Bidasoa alde horretatik”. Aurkariaren azterketa hori egiteak Mozas lasaitzen du, entrenamendu saio bakarra egin baitu talde bidasotarrak: “Aurkaria ezagutzen dute esperientziagatik, baita guk ematen diegun informazioagatik ere. Indibidualki, badakite zein jokalari izanen duten aitzinean eta horrela, egoeretara aurreratu daitezke. Saio bakarra eginda, hori oso garrantzitsua da. Jokalariek jokoaren ideia garbia dute”. Izan ere, argi du prestatzaileak, iaz gertatu bezala, aurtengo denboraldian ere edozein taldek irabazten ahal duela eta edozein talderen kontra galdu daitekeela. Sailkapena oso estu baitago ASOBAL Ligan, lehen postutik azkenera bitarte. Hori ona dela onartu du, baina Bidasoarentzat, bereziki, zailtasun bat da, Europako Txapelketa jokatzen egonda, denbora aski guti duelako partiduak behar bezala prestatzeko. Edonola ere, prest daude jokalariak dena emateko. Limoges-en kontra galdu bazuen ere, sentsazio onak bildu zituen bertako kantxan eta hori lagungarria izanen da. Hortaz gain, neurketaren gakoak ere argi dituzte: “Erritmo handia duen taldea da. Gu ere erritmo hortan aritu behar gara eta gol errazak lortu trantsizioetan. Horrez gain, gure defentsan oinaritu behar gara, beraien lehen lerroa gelditzeko helburuarekin”. Motibazioz bidaiatuko du beraz, Bidasoak Alicantera, ASOBAL Ligan garaiezinak izaten segitzen duela erakusteko helburuarekin.