Alex Mozas: “Errege Kopari ilusioz eginen diogu aitzin”

2026/06/04
Irudek Bidasoa Irunek denboraldiko azken hitzordua izanen du asteburu honetan, eta ez nolanahikoa gainera. Izan ere, Errege Kopa jokatuko da bihartik aitzinera Alakanten. Bihar, ekainaren 5ean, final laurdenak jokatuko dira lehenbizi eta bidasotarrek Torrelavegaren kontra neurtuko beharko dute indarra (16:00). Ez da partidua erraza izanen, baina taldeak konfiantza du eta garaipena lortzeko gai dela uste du.
Alex Mozas: “Errege Kopari ilusioz eginen diogu aitzin”
Irudek Bidasoa Irunek Errege Kopari aitzin egin beharko dio asteburu honetan, Alakanten, denboraldia borobiltzeko ospatuko den azken hitzorduan. Final laurdenak jokatuko ditu lehenik, bihar (ekainaren 5ean), Torrelavegaren kontra (16:00). Finalera ailegatzea da bidasotarren helburua eta horretarako, bi partidu gainditu beharko dituzte. Hala ere, ez dute begirada biharko partiduaz harago jartzen eta, pausoz pauso, joanen direla argi dute. Konfiantzaz eta ilusioz dago taldea eta sinetsita dago azken helburu hau ere lortzeko gai dela. Alex Mozas entrenatzaileak dioenez, “ilusioz” dago taldea Errege Kopa jokatzeko. “Denboraldia borobiltzeko aukera ederra da eta sari oso garrantzitsua du”, aipatu du. Talde guztiei gustatuko litzaieke txapelketa jokatzea, azken fasera ailegatzeko bidea zaila delako eta hor egoteak meritua duelako. Bidasoak hori bera lortu zuen orain dela hilabete batzuk eta orain, denboraldiko azken helburua du eskura, lehiaketa honen finalean egotea hain zuzen ere. “Denboraldia bukatuta eta lanak ongi eginda, konfiantza osoa” du Mozasek asteburu hau ere arrakastatsua izanen dela, “forma onean” ikusten baitu bere taldea. Hala ere, poliki-poliki joanen dira, eta momentuz, biharko partiduan pentsatuko dute soilik: “Horrelako torneoetan lehen partiduan pentsatu behar da soilik. Guk aurkari zail bat izanen dugu eta ezingo ditugu jokalariak aurreragorako erreserbatu. Neurketak oso parekatuak izanen dira eta final laurden hau azken balitz bezala jokatu behar dugu. Gaindituz gero, sinetsita nagoela lortu dezakegula, hurrengoan pentsatuko dugu”. Torrelavega izanen da beraz, final laurden hauetako bidasotarren aurkaria. Prestatzaileak oanrtu du “beti partiduan sartuta dagoen” taldea dela eta hori dela bere “bertuterik handiena”. Talde irundarraren ezaugarrietako bat ere hori da eta beraz, neurketa parekatua izanen dela aurreikusi du Mozasek: “Azken minutuetan erabakiko da garaipena seguruenik eta hor Ligan baino hobe egon beharko gara. Detaileak dira eta horietan fin egon beharra gara”. Ideiak garbi edukita beraz, gogoz eta indarrez ekinen diote bihar denboraldiko azken hitzorduari, jakinda zaila izanen dela helburua lortzea, baina posible dela eta lortuz gero, saria ere handia dela.