Alizia Txoperena Nazioarteko Squash Txapelketa arrakastatsua bigarren urtez segidan

2026/03/26
Laura Silva brasildarra nagusitu zen Irungo Artalekuko pistetan, finalean Rafaela Albuya Ekuadorreko jokalariari irabazi ondotik. Jokalari andana bildu zen II. Alizia Txoperena Nazioarteko Squash Txapelketan, munduko ranking-eko 100 eta 300 postuen artean kokatuak daudenak guztiak. Aurrerapausu bat eman du Lur Alai Squash Klubak lehiaketa honen antolakuntzarekin eta balorazio positiboa egin dute taldetik.
Alizia Txoperena Nazioarteko Squash Txapelketa arrakastatsua bigarren urtez segidan
Lur Alai Squash Klubak bigarren urtez segidan ospatu du Alizia Txoperena Nazioarte Squash Txapelketa. Martxoaren 19tik 22ra ospatu zen Artalekuko pistetan eta goi mailako jokalari onenetarikoak ibili ziren lehian lau egunez. Horietatik Laura Silva brasildarra nagusitu zen, txapela eramanez, finalean Ekuadorreko Rafaela Albuya jokalariari irabazita. Irungo klubak positiboki baloratu du lehiaketa, erakutsitako emakumeen squash mailan aurrerapausu bat eman duela ziurtatuz. Gorka Arretxea Lur Alai Squash Klubeko ordezkariak azaldu duenez, Alizia Txoperena Txapelketa “oso ikusgarria izan da bigarren urtez segidan”. Maila altuagoa ikusi ahal izan da Artalekuko pistetan, “munduko 100 eta 300 postulen artean dauden jokalariak” lehiatu baitzirelako bertan. Horien artean Laura Silva brasildarra nagusitu zen, txapelketako jokalaririk gazteena, 18 urterekin. Arretxean azaldu duenez, “Portugalen bizi da Europako txapelketetan parte hartu ahal izateko”. Bigarren sailkatua ere Italiatik zetorren, nahiz eta Ekuadorrekoa izan berez. Rafaela Albuya izan zen txapeldunordea. Kanporaketetan oinarritutako lehiaketa zenez, ez zegoen hirugarren eta laugarren posturako lehiarik, baina jokalari gehienek txapelketa hasieratik bukaerara segitu zuten, “asteburu luzea eta eguraldi ona aprobetxatuz”. Gorka Arretxek dioen bezala, txapelketaren “balorazioa ezin hobea” izan da. Aurrerapausu bat eman du klubak lehiaketa hau aitzinera eramateko: “Pistak atondu ditugu eta Irungo Udalaren logoa jarri dugu, beraiek babesten gaituztela azaleratzeko eta gure arteko harremana sendotzeko. Emakumeen aldeko apostua ere hor dago eta, alde horretatik, Euskadiko Squash Federazioaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa izan dugu. Streaming-ari dagokionez, PSA squash TV plataformaren bitartez egin dugu aurten, arlo hori indartuz eta profesionalizatuz. Epailea ere Europan labilen Alberto Ferreiro eibartarra izan da, epaile ofiziala beraz”. Guzti honez gain, Arretxek “klubeko bolondresei eskerrak” eman nahi izan dizkie lehiaketa antolatzeko eskaini duten laguntzagatik, baita squasha jarraitzen duten guztiei ere.