Asier Iribarrek ere bertze bi urtez luzatu du Irudek Bidasoa Irunekin zuen kontratua

2025/05/22
2028ra arte sinatu du jokalari zumaiarrak CD Bidasoa Irungo lehen taldearekin. Hala ere, hurrengo denboraldian utzita aritzea da klubaren intentzioa, eta 2026/27 denboraldian Artalekura itzultzea.
Asier Iribarrek ere bertze bi urtez luzatu du Irudek Bidasoa Irunekin zuen kontratua

CD Bidasoa Irunek jakinarazi duenez, Asier Iribarrek Irudek Bidasoa Irunekin zuen kontratua bertze bi denboraldiz luzatu du, 2028ra arte hain zuzen ere. Edonola ere, heldu den denboraldian (2025/2026), jokalai zumaiarrak bertze talde batean jokatuko du utzita, eta 2026/2027 denboraldian Artalekura bueltatuko dela aurreikusi dute.

Iribarrek 2021ean egin zuen debuta lehen taldearekin. 2022/2023 denboraldian Frigoríficos del Morrazo taldean jokatu zuen utzita, eta ordutik klub irundarreko partaide izaten segitu du. Orain arte, 54 partida jokatu ditu Bidasoa taldearekin, Liga Plenitude Asobal txapelketan, eta 64 gol sartu ditu guztira.

Julen Aginagalde CD Bidasoa Irungo kirol zuzendariak berritzearen balorazioa egin du eta bertze taldean utzita urte batez jokatuko duela iragarri du: “Oso konten gaude. Bertako jokalaria, Zumaiakoa. Badakigu Bidasoaren etorkizunerako jokalari garrantzitsua izango dela, hori da gure buruan daukaguna, baina horretarako hurrengo urtean, urte batez egongo da beste talde batean. Alde hortatik oso konten gaude, joan aurretik berritze hau egin duelako eta espero dugu hurrengo urtean, minutu gehiago izatea, jokalari hobea etortzea eta berarekin kontatu ahal izatea”.