Beti Gaztek banako berdinketa erdietsi zuen Zumaiakoren kontra
2026/05/19
Ohorezko Erregional mailako Lesakako taldeak azken minutuetan lortu zuen markagailua berdintzea eta puntuak banatzea Zumaiakorekin. Garaipena ere eskura izan zuen, baina gol gehiago sartu gabe bukatu zuten neurketa. Erregional Lehen mailako igoera fasean berriz, Gure Txokoak 0-3ko emaitzarekin galdu zuen Oiartzun Bren kontra. Igoerarako aukerarik gabe, erritmoa jeitsi dute beratarrek denboraldiko azken txanpan.
Gipuzkoako Ligako Bortzirietako gizonezko helduen taldeak denboraldiko azken txanpan sartuak daude. Pasa den ortziralean, maiatzaren 15ean, azken aurreko neurketak jokatu zituzten Beti Gaztek eta Gure Txokoak, lesakarrek kanpoan eta beratarrek etxean. Beti Gaztek, hain zuzen ere, Zumaiako bisitatuko zuen Aita Marin eta 1-1eko emaitzarekin puntu bat poltsikoratue zuen han. Gure Txokoak berriz, 0-3ko markagailuarekin galdu zuen Oiartzun Bren kontra. Erritmo baxuarekin aritu ziren Matzadan eta, nahiz eta aukerak eduki, ez zuten atean asmatu eta puntuek ihes egin zieten.
Beti Gaztek erronka zaila izan zuen pasa den ortziralean, sailkapeneko goiko postuetan dagoen Zumaiako bisitatzea egokitzen baitzitzaion. Lesakarrek ez dute deus irabaztekorik, ez galtzekorik ere ez, baina ahalik eta modu hoberenean bukatu nahi dute denboraldia eta ideia horrekin zelairatu ziren Aita Marin. Hala ere, Eneko Ferradas entrenatzaileak adierazi duen bezala, “lehen zatian ez ginen eroso egon eta ez genuen baloirik hartu, ez aukerarik sortu”. Horrela, atsedenaldira bidean, etxekoak aitzindu ziren markagailuan, 1-0ekoarekin, gola sartu ondotik.
Lasaitasunez ekin zioten bigarren zatiari Ferradasen mutilek, jakinda garaipena posible zela: “Helburua partidua ez galtzea zen eta garaipenaren bila atera ginen bigarren zatian. Taldea ondo aritu zen, erasora iristen eta aukerak sortzen. Horrela, partiduaren bukaeran, 1-1ekoa sartu genuen, Tabernaren bitartez. Azken minutuetan aukera garbiak ere sortu genituen, eta pena izan zen ez irabaztea”. Hala ere, lortutako puntua garrantzitsua izaten segitzen du, etxetik kanpo ez galtzea baita beti lesakarren helburuetako bat.
Honen ondotik, heldu den asteburuan, Beti Gaztek denboraldia agurtuko du etxean, Mastegin. Bergara jasoko du bertan, maiatzaren 23an, 17:00etan. Bertan ere, zaleen aitzinean, garaipenarekin borobildu nahiko du urtea, zelaian ahalik eta itxura hoberena emanez.
Gure Txokoak intentsitatea galdu du igoerarako aukerak galduta
Erregionaleko Lehen mailako igoera fasea jokatzen ari den Gure Txokoak ere denboraldiko azken aurreko partidua jokatu zuen, pasa den ortziralean Matzadan, etxean. Oiartzun B jaso zuen horretarako eta “kolpe gogorra” jaso zuela aitortu du Mikel Esnaola entrenatzaileak. Beratarrek “igoerarako aukerarik ez" zutela zekiten partidu ahasi aitzinetik eta hori nabaritu zela onartu du prestatzaileak. “Lehen zatia gazi-gozoa izan zen. Bi taldeetako bakar batek ere ez zuen deus ere jokoan eta tentsiorik eta erritmorik gabekoa izan zen”, gaineratu du. Hala ere, etxekoak gehiago izaten ari zirenaren sentsazioa zuen Esnaolak, euren jokoa gehiago egiteko kapazak izanda, nahiz eta ez zuten atean asmatu. Atsedenaldira bidean ordea, bi gol sartu zituzten oiartzuarrek eta 0-2koarekin sentsazio txarrarekin joan ziren aldageletara.
Bigarren zatian, “hobeki” sartu ziren beratarrak, baina ez ematen ahal zuten mailan. “Aukera batzuk sortu genituen, baina azken partiduetan bezala, ez genituen aukera horiek gauzatu eta ez genuen golik sartu”, aipatu du Esnaolak. Neurketaren azken minutuetan, Oiartzunen hirugarren eta azken gola sartu zuen kontraeraso batean eta horrela, 0-3ko behin-betiko emaitzarekin, porrot egin zuten beratarrek. Honen ondotik, denboraldiko azken partidua jokatuko dute hauek ere larunbatean, maiatzaren 23an, Texas Lasartearra taldearen kontra, Michelin zelaian (17:30).