Beti Gaztek Hondarribia garaitu zuen Ondartzan jokatutako neurketan
2026/10/20
Maldan gora jarri zitzaien lehen minutuetan partidua lesakarrei, Hondarribiak hirugarren minutuan lortu baitzuen 1-0ekoa jartzea. Hala ere, borrokan segitu zuten bisitariek eta bigarren zatian lortu zuten neurketa berdintzea. Luzapenean gainera, bigarren gola sartuta, irabaztea ere lortu zuten Ondartzan, denboraldiko hirugarren garaipena eskuratuz, bigarrena segidan.
Gipuzkoako Ligako Ohorezko Erregional mailako seigarren jardunaldian egokitu zitzaien Hondarribia eta Beti Gazteri elkarren kontra jokatzea. Ondartzan aritu ziren, pasa den urriaren 18an, eta aurkari zuzenak diren bi taldeen arteko lehia estua espero zuten bertaratu ziren zale guztiak. Neurketa etxekoentzat ezin hobe hasi zen, hirugarren minutuan lortu baitzuen Julen Kerejetak taldea aitzinetik jartzea. Gorriz jokatu behar izan zuten lesakarrentzat kolpe latza izan zen, baina ez zuten amore eman eta lanean segitu zuten bigarren zatian neurketa berdintzeko gai izan ziren arte. 59. minutuan, zehazki, Jon Zabalak lortu zuen banakoa eta luzapenean, 93. minutuan, Yeray Gerometta izan zen bigarren gola sartu zuena.
Horrela, 1-2koarekin bukatu zen partidua eta hiru puntuak Beti Gazterentzat izan ziren. Denboraldiko hirugarren garaipena izan zen lesakarrentzat Hondarribian lortutako, bigarrena segidan. Honen ondotik, heldu den asteburuan, Beti Gaztek etxean jokatuko du eta Mastegin jasoko du Orioko, larunbatean (urriaren 24an), 18:15ean. Hondarribiak berriz, Mondragon bisitatuko du egun berean, baina 16:30ean.