Beti Gazteko gizonezkoek helburuak lortuta borobildu dute denboraldia

2025/05/27
Añorgaren kontrako azken partiduan, 6-1 galdu zuten lesakarrek. Jokoan deus guti zuten Beti Gazteko mutilek. Añorga aldiz, Hirugarren Mailara igoera lortzeko borrokan zegoen oraindik. Horrela, desberdintasuna nabaria izan zen donostiarren zelaian eta atsedenaldira bidean, erabakita utzi zuten partidua etxekoek.
Beti Gazteko gizonezkoek helburuak lortuta borobildu dute denboraldia
Añorga KKE 6
1 Beti Gazte KJKE

Gipuzkoako Ligan ari den Ohorezko Erregional mailako Beti Gazteko gizonezkoek denboraldia bukatu zuten asteburuan. Añorga liderraren kontrako azken partidua jokatu zuten larunbatean, Donostian, eta 6-1eko markagailuarekin galdu zuten. Lesakarrek ez zuten deus jokoan azken jardunaldi honetan, baina donostiarrek aldiz bai. Hirugarren Mailara igoera zuten jokoan, Zarautz taldearekin batera, eta hori segidan nabaritu zen zelaian. 

Javier Escagües entrenatzaileak adierazi duenez, “ez zen gure partidurik hoberena izan denboraldia agurtzeko”. Hala ere, “lanak eginak” zituztela ailegatu ziren lesakarrak Donostiara. Añorgak aldiz, Hirugarren Mailara igoera zuen jokoan eta “desberdintasuna hor egon zela” azpimarratu du Escagüesek. Beti Gazteko mutilak “ongi eta kontzentraturik” sartu ziren zelaira, aukerak ere sortuz. Hala ere, etxekoek lehen aukeran lortu zuten 1-0ekoa ezartzea eta hortik aitzinera, gol zaparrada etorri zen. Atsedenaldirako erabakita utzi zuen Añorgak partidua, 4-0eko markagailuarekin. Bigarren zatian berriz, “lasaiago” aritu zirela onartu du entrenatzaileak, nahiz eta bertze bi gol ere sartu zituzten etxekoek. Azken jokaldian, lesakarrek ere gol bat sartzeko aukera aprobetxatu zuten, 6-1ekoa ezartzeko. Sinbolikoa izan zen gola, ez baitzuen neurketaren norabidea aldatzen, baina “emaitza apaintzeko" balio izan zuela. Escagüesek dioenez. 

Azken markagailu honekin, denboraldia bukatutzat eman dute Beti Gazteko gizonezkoek. “Urte zaila” izan dela onartu du entrenatzaileak, “sufritzen” ibili baitira asteburuz asteburu. Hala ere, bertze behin helburua lortu dute, Ohorezko Erregional Maila mantentzea eta alde horretatik, “pozik” azaldu da Escagües bere taldeak egindako lanarekin. 

Erregional mailan, igoera fasean, Gure Txokoak denboraldiko azken partidua jokatu zuen baita ere asteburuan. Hauek garaipen batekin borobildu dute urtea, Lengokoak taldeari 1-2 irabazita. Azkenik, Nafarroako Ligako Lehen Maila Autonomikoko Baztanek 2-1 galdu zuen asteburuan Iruñaren kontra. Hauek oraindik ere jardunaldi bat dute faltan. Hain zuzen ere, heldu den larunbatean (maiatzaren 31n), Giltxaurdin emanen diote bukaera denboraldiari, Ondalan taldearen kontra jokatuko duten partiduarekin (17:30).