CD Bidasoak aurtengo denboraldian lehen taldeak erabailiko duen elastikoa aurkeztu du
2026/09/04
Kamisetak klubaren sustraiei egiten dio erreferentzia. 65 urte dira klubak bere lehen elastikoa estreinatu zuenetik eta beraz, omenaldi gisa, aurtengoan “V” historikoa berreskuratuko du. Honekin etorkizunean hazten segitzeko, iraganari begiratu diotela irudikatu nahi dute, Bidasoaren jatorria eta bere historia ahantzi gabe. Klubak jantzia aurkezteko egin duen kanpainan, Eugenio Arretxe jokalari ohia izan du protagonista, baita Uranzu frontoia ere, nondik heldu diren oroitarazteko balio izan diena.
Bidasoa Kirol Elkarteak segidan hasiko den denboraldirako ekipazio berriak aurkeztu ditu. Jantziak iraganari begiratu eta etorkizunera proiektatzeko proposamena egin nahi duela azaldu dute. 65 urte bete dira klubaren lehen kamisetaren estreinalditik, eta berriak «V» historikoa berreskuratuko du. Elementu hori klubaren identitateari estuki lotuta dagoela onartu dute klubetik, eta belaunaldiz belaunaldi eraikitako historiaren ikur bihurtu dela.
Kanpainan etorkizunak eta iraganak bat egiten dute, kluba sinetsita baitago etorkizuna eraikitzeko iraganari errespetuz begiratu behar diola. Hori dela eta, kamiseta berriak Bidasoaren identitatearen elementu historikoa den «V» berreskuratzen du, egungo ekipazioaren parte izateko berrinterpretatuta. Proposamenak ondare baten segipena irudikatu nahi du. Etorkizunari begiratzeaz gain, klubaren jatorria eta haren historian parte hartu duten pertsona guztiak oroitarazten dituen kamiseta erabiliz.
Ideia hori transmititzeko, Eugenio Arretxe aukeratu da protagonistatzat, CD Bidasoaren historiari estuki lotutako pertsona. Klubarekin jokatu zuen garaiko kamisetarekin agertzeak belaunaldien arteko zubi hori sinbolizatzen du, eta klubak bizirik mantendu nahi duen ondareari aurpegia jartzeko aukera ematen du. Uranzu pilotalekuan grabatu dute kamisetaren aurkezpena, hau ere Bidasoaren historiaren parte garrantzitsua. Bertan hasi baitziren taldeak entrenatzen eta jokatzen, eta iraganaren eta orainaren arteko topaketa horren eszenatoki gisa osatzen du kontzeptua frontoiak.
“Horrela, kamiseta berria ekipazio bat baino askoz gehiago bihurtzen da: Bidasoa eraiki zutenen, gaur egun klubaren ordezkari direnen eta etorkizunean haren historia idazten jarraituko dutenen arteko lotura da”, gaineratu dute klubetik.
Kamiseta berriak klubaren denda ofizialean egonen dira salgai irailaren 12tik aitzinera, NEXUS ENERGÍA ASOBAL Ligako lehen partidarekin batera. Norgehiagoka horretan, CD Bidasoak Viveros Herol BM. Navaren aurka jokatuko du. Hala, zaleek ekipazio berria janzteko eta denboraldi berriaren hasieran taldearekin batera egoteko lehen aukera izanen dute.