Irudek Bidasoa Irunek ASOBAL Ligan garaitezina izaten segitzen du
2026/10/19
Talde irundarrak 31-34ko markagailuarekin irabazi du asteburu honetan Horneo BM Alicante taldearen kontra. Sailkapeneko lider da momentu honetan, jokatutako sei partiduetatik seitan garaipena eskuratu ondotik. Hamabi puntu ditu guztira talde irundarrak eta berdinduta dago bigarren postuan kokatua dagoen Recoletas Atletico Valladolid taldearekin.
Irudek Bidasoa Irunek 31-34ko emaitzarekin irabazi zuen asteburuan Horneo BM Alicante taldearen kontra. Lehen minutuetatik hasi ziren bidasotarrak nabarmentzen eta atsedenaldira, lau goleko aldearekin ailegatu ziren, 14-18ko markagailuarekin hain zuzen ere. Bigarren zatian, dinamika berarekin segitu zuten, nahiz eta etxeko taldea hurbildu eta zalantzan jarri talde irundarraren garaipena. Azkenean, berriz ere hiru goleko aldea ireki zuen Bidasoak eta jardunaldiko bi puntuak erdietsi zituen, sailkapeneko lider izaten segitzeko.
Garaitezina dela erakutsi zuen Bidasoak asteburu honetan Alicanten. Kontraerasoan fin eta gol errazak lortzen hasi zen lehen minututik eta hamargarrenerako, hiru goleko aldea erdietsi zuen (3-6). Alicante erritmo bizian hasi zen jokatzen, talde irundarrari erantzuteko asmoz, baina lortu ezinik aritu zen. Lehen zatiaren azken txanpan, Alex Mozasen mutilek lau goleko aldea lortu zuten eta 14-18ko emaitzarekin joan ziren bi taldeak atsedenaldira.
Bigarren zatian, Bidasoa dinamika berarekin hasi zen, defentsa fisikoa landuz eta etxekoen akatsak behartuz. Hala ere, Alicantek markagailuko bidasotarren aldea bi golera murrizte lortu zuen eta partiduaren bukaeran berdinketa eskura zuen. Neurketa bukatzeko hamar minutu gelditzen zirenean, 28-29ko emaitza islatzen zen eta garaipenaren bidea irekia zegoen bi taldeentzat. Alex Mozasen mutilek, presioa alde batera utzita, jokoa ongi kudeatu ahal izan zuten abantailari eusteko eta Macielek geldiketa erabakigarriak egin ondotik, 31-34ko behin-betiko emaitzarekin bukatzea lortu zuten.
Horrela, seitik sei garaipen lortu ditu orain arte Bidasoak eta sailkapeneko lider izaten segitzen du, 12 punturekin, bigarren postuan dagoen Recoletas Atletico Valladolid taldearekin berdinduta (Barçak partidu bat jokatu gabea du). Honen ondotik, Bidasoak ortziralean izanen du hurrengo hitzordua etxean, Artalekun, Caserio BM Ciudad Real taldearen kontra (19:00).