Irudek Bidasoa Irunek Barça izanen du aurkari Espainiako Kopako finalerdietan
Gran Canariako Telde herriko Insular Rita Hernandez Pabilioian ospatuko da otsailaren 7an eta 8an eskubaloiko Espainiako Kopa. Lau talde ariko dira txapelketa honetan parte hartzen: IRUDEK Bidasoa Irun, Barça, Dircopebal Logroño La Rioja eta Recoletas Atletico Valladolid. Finalerdietako gurutzaketen zozketa eginda, talde irundarrari kataluniarraren kontra lehiatzea egokitu zaio, finalera ailegatzea zailduko dion aurkaria hain zuzen ere. Neurketa otsailaren 7an, larunbatean, ospatuko da 17:00etan. Aitzinetik, 15:00etan, Logroño eta Valladolid izanen dira aurrez aurre. Finalerdiak gainditzen dituzten bi taldeak berriz, otsailaren 8an, elkarren kontrako finala jokatuko dute leku berean, 12:30ean. Ordutegiak Kanariar Uhartekoak izanen dira.
Egun beretan Minikopa jokatzen ere arituko dira lau taldeetako gazteak. Hemen gurutzaketak desberdinak izanen dira, zozketaz hala egokituta. Alde batetik, otsailaren 7ko 10:00etan, Bidasoak Valladoliden kontra jokatuko du. Ondotik, 12:00etan, Barça eta Logroño izanen dira aurrez aurre. Irabazleek finala jokatuko dute biharamunean, 10:00etan. Ordu berean, hirugarren eta laugarren posturako lehia ere izanen da.