Irudek Bidasoa Irunek ezin izan zuen garaipenik lortu etxeko azken partiduan

2025/05/26
Logroñoren kontra 29-30eko markagailuarekin galdu zuen talde horiak atzo arratsaldean. Honen ondotik, denboraldiko azken partiduan izanen du Plenitude ASOBAL Ligako txapeldunordetza jokoan, Europako Txapelketako ibilbidea berriz ere errepikatzeko helburuz.
Irudek Bidasoa Irunek ezin izan zuen garaipenik lortu etxeko azken partiduan
Irudek Bidasoa Irun 29
30 BM Logroño La Rioja

Irudek Bidasoa Irunek 29-30 galdu zuen atzo arratsaldean Logroñoren kontra. Erritmo biziarekin hasi zuten neurketa bi taldeek eta parekotasuna izan zen nagusi partidu guztian zehar. Garaipena ere halaxe erabaki zen, azken jokaldian. Talde bisitariak ongi kudeatu zuen bere azken aukera, eta gola sartuz, aukera gabe utzi zuen talde horia, jardunaldiko bi puntuak poltsikoratuz. 

Erritmo bizia ezarri zuten bi taldeek neurketaren hasieran eta honen ondorioz, parekotasuna izan zen nagusi lehen hamar minutuetan. Hortik aitzinera aldiz, Logroñok 2-5eko partziala eginez, aitzina hartu zuen markagailuan ere (7-10). Bidasoak ez zuen amore eman nahi eta aldea murrizten saiatu zen, nahiz eta ez zuen helburua lortu. Bisitarien atean, Xoan Ledo bikain aritu zen eta etxekoen erasoak ongi gelditu zituen. Horrez gain, erasoan ere fin ibili ziren Aragoikoak eta lehen zatiaren bukaeran, 11-16ko emaitza lortu zuten atsedenaldira joateko. 

Bigarren zatian, Bidasoa indarrez kantxaratu zen emaitza iraultzeko helburuarekin. Lehen hamar minutuetan, 7-2ko partziala eginez, markagailua berdintzeko gai izan zen taldea (18-18). Hartu-emanean aritu ziren bi taldeak hurrengo jokaldietan, Dariel Garcial etxekoak aitzinetik jarri zituen arte (21-20, 40. minutuan). Hala ere, bisitariek ez zituzten besoak jeitsi eta euren aldeko partzial bat kateatuz, berriz ere bere alde jarri zuten emaitza (24-27). Partiduaren azken minutuan tentsio handikoak izan ziren. Talde horiak 5-2ko partziala eginez, emaitza 29-29koa izatea ahalbidetu zuen, neurketa bukatzeko 15 segunduren faltan. Logroñok zuen orduan baloiaren jabetza eta buru hotzarekin jokatu zuen garaipena eskuratzeko. Erasoa jo eta partiduaren azken gola sartu zuten bisitariek, etxekoei aukerarik gabe utziz. 

Porrot honen ondotik, Irudek Bidasoa Irunek denboraldiko azken jardunaldian izanen du jokoan Plenitude ASOBAL Ligako txapeldunordetza. Sailkapeneko hirugarren postuan kokaturik dago orain talde horia, 39 punturekin. Bigarren postuan, Granollers dago, bi puntu gehiagorekin. Azken partiduan, Angel Ximenez Puente Genil izanen du aitzinean talde horiak, maila mantentzeko borrokan dagoena hain zuzen ere (ekainaren 1ean, 18:00etan).