Irudek Bidasoa Irunek ezin izan zuen Limoges garaitu
2026/10/14
Azken unera arte borrokan aritu ondotik, talde bidasotarrak 32-28ko emaitzarekin porrot egin zuen Limoges-en aitzinean. Parekotasuna izan zen nagusi lehen zatian, eta bigarrenaren bukaeran lortu zuen etxeko taldeak markagailuko aldea handitzea eta behin-betiko garaipena eskuratzea. EHF European Leagueko Multzo Faseko hirugarren jardunaldia galdu eta gero, ASOBAL Ligari eutsi beharko dio Alex Mozasen taldeak Alicanteren kontrako neurketarekin.
Irudek Bidasoa Irunek 32-28ko markagailuarekin galdu zuen atzo Limoges taldearen kontra. EHF European Leagueko Multzo Faseko hirugarren jardunaldia zen eta bigarren aldiz segidan porrot egin zuen Alex Mozasen taldeak. Lehen zati parekatu bat jokatu ondotik, bigarren zatian izan zen talde frantziarrak abantaila hartu eta bukaera bitarte mantendu zuena, jardunaldiko puntu guztiak eskuratzeraino. Hirutik hiru garaipen eskuratu ditu eta B multzoko lider da.
Bidasoa indartsu kantxaratu zen atzoko partiduan, garaipena helburu izanda. Limoges-en lehen erasoei erantzun ona eman zieten eta markagailuan aitzinetik jartzea ere lortu zuten (5-6, 10 min.). Parekotasuna zen nagusi bi taldeen artean eta, ez batak ez bertzeak ere, ez zuen lortzen abantaila nahikoa erdiestea. Lehen zatiko azken hamar minutuetan, etxekoen atezainak bere maila erakutsi zuen eta geldiketa onak eginez, neurketa iraultzera eraman zuen bere taldea. Bidasotarrek ez ziren kikildu, eta lanean segitu zuten emaitzan zuten tartea ez areagotzeko. Horrela, hiru goleko abantailarekin joan ziren atsedenaldira (16-13).
Bigarren zatian, jarrera borrokatzailearekin kantxaratu ziren berriz ere Alex Mozasen mutilak eta 18nako berdinketa erdietsi zuten segidan. Limoges-ek kezkaz ikusi zuen hau eta erantzun azkarra eman zion honi. Atezainak protagonismoa bereganatu eta geldiketa garrantzitsuak egin zituen, etxeko taldeak hiru goleko aldea berreskuratzeko (25-22, 48 min.). Bidasoa bukaera arte saiatu zen markagailua iraultzen, baina frantziarren defentsa sendoarekin egin zuen topo. Mujika gabe gelditu ziren gainera, eta horrek eragina izan zuen azken emaitzan. Garaipena ia erabakita zegoen azken bost minutuetan, baina talde irundarrak gol average-a zuen begiz jota. Amore eman gabe lanean segitu zuten, baina azkenean puntuak bertan gelditu ziren, 32-28ko markagailuarekin galduta.
EHF European Leagueko Multzo faseko hirugarren jardunaldia bukatuta beraz, joaneko partidu guztiak jokatu ditu Bidasoak. Orain itzulerakoak jokatuko ditu, hain estu dagoen sailkapena bere alde jartzeko helburu garbiarekin. Azaroan itzuliko da Artalekura Europako Txapelketa, baina bitartean, ASOBAL Ligako lehiak segida izanen du. Asteburu honetan, zehazki, talde irundarrak Horneo BM Alicante bisitatuko du, larunbatean (urriaren 17an), 18:00etan.