Irundarron Sariaren irabazlea bozkatzeko aukera izanen dute irundarrek martxoaren 15era arte

2026/03/06
Irungo Udalak urtero antolatzen duen Irungo Kirol Gala prest dago dagoeneko, baita bertan sarituak izanen diren hautagaien zerrenda ere. Emakumezko eta gizonezko kirolari onenen saria, klub onenarena eta irundarrek aukeratutako Irundarron Sari berezia banatuko dituzte martxoaren 16an ospatuko den ekitaldian. Horrez gain, betiko moduan, hainbat omenaldi eskainiko dituzte, hiriko kirolariak eta kirol munduan aritzen direnen lana aintzat hartzeko asmoz.
Irundarron Sariaren irabazlea bozkatzeko aukera izanen dute irundarrek martxoaren 15era arte
Irunek bere kirolarien eta kluben arrakastak ospatzeko hitzordu nagusia prest du dagoeneko. Borja Olazabal Kiroletako ordezkariak atzo goizean aurkeztu zuen Irungo Kirol Gala, hiriko kirol munduaren dedikazioa eta 2025ean lortutako garaipenak aitortzeko helburua duen ekitaldia. Hitzordua martxoaren 16an izanen da, 19:30ean, Ficoba erakustazokako auditoriumean. Betiko moduan, hainbat kategoria sarituko dira Udalak urtero antolatzen duen ekitaldi honetan: emakumezko eta gizonezko kirolari onenak, klubik onena eta herritarrek hautatutako “Irundarron Saria”. Olazabalen hitzetan, gala honek kirolarien lan aparta nabarmentzeaz gain, begirada zabalagoa du: “Epaileen, kirol-psikologoen eta beste hainbat profesionalen lana ere aintzatesten dugu, kirolari egiten dioten ekarpena funtsezkoa baita”. Umorea eta futbola oholtzan Aurtengo ekitaldiak luxuzko aurkezlea izanen du: Zuhaitz Gurrutxaga Realeko jokalari ohi eta bakarrizketaria. Gurrutxagak gidari lanak egiteaz gain, bere bizipen pertsonaletan eta eliteko futbolari zeneko garaietan oinarritutako bakarrizketa saioa eskainiko du, ekitaldiari ukitu dibertigarri eta hurbila emanez. Ohorezko saria: Txokolatezko Baloia Galaren unerik hunkigarrienetako bat Txokolatezko Baloia ematea izanen da. Ohorezko sari honek Irungo kirolean ibilbide luzea eta eredugarria izan duten pertsonak omentzen ditu. Aurreko edizioetan izen handiko kirolariek jaso dute garaikur hau: 2022an Leire Landa futbolariak, 2023. urtean Leontxo Garcia xakearen zabalpenarengatik, 2024. Alberto “Bixio” Gorriz futbolariak eta 2025. urtean Juanma Garate txirrindulariak. “Irundarron Saria” herritarren esku Martxoaren 5etik 15era, herritarrek euren kutuna bozkatzeko aukera izanen dute Irundarron Saria irabazteko. Bozketa Udalaren webgunearen bidez egin behar da, Irun Txartela erabiliz. Hautagaien zerrenda luzea eta anitza da, hiriko kirol osasuna islatzen duena. Banakako kirolarien artean, Alaine Aguerralde, Alba Rodriguez, Asier Iguiñiz, Asier Landart, Delia Medices, Eki Fanlo, Esther Aristieta, Haimar Etxeberria, Imanol Gil, Nerea Garcia, Oier Diaz, Paula Santamaria, Paula Vicente, Sergio Francisco, Unai Amiano eta Unai Barreto izan dira izendatuak. Taldeka edo bikoteka berriz, Bidasoa Atletiko Taldea, CD Bidasoa, Leire Navaridas eta Jone Laguardia, Mariño – Real Union, Santiagotarrak, Sugetrebeak Volley Kluba eta Real Uniongo Beteranoak izan dira sariak jasotzeko izendatuak.