Kirola parekatuz jarraitzen dute Irunen, emakumeak erdigunean jarri nahian

2026/10/19
Kirola Par(t)ekatuz jardunaldia ospatu zuten atzo Irunen. Parean elkarteak laugarren urtez antolatuta, Colon pasealekua 20 klubentzako kirolgune bilakatu zen Igande Sasoi berezi honetan, emakumeen kirola sustatzeko helburuarekin. Antxeta Irratiak zuzeneko irratsaioa egin zuen bertatik. Parte hartu zuten 20 kirol klubetako ordezkariak gure mikrofonoetatik pasa ziren, haien eskaintzaren berri eman eta norbere klubean neskato gazte zein emakume helduei zuzendutako eskaintzari buruz informatu, eta kirola eta genero roletaz hausnartzeko.
Kirola parekatuz jarraitzen dute Irunen, emakumeak erdigunean jarri nahian
Kirola eta genero rolak, eta oro har, kirol klubetan azken urteetan emakumeek jarduera fisiko gehiago egin dezaten abian jarritako ekimenak aztertu genituen atzo, Parean elkarteak laugarren urtez antolatutako Kirola Par(t)ekatuz Igande Sasoi berezian. Parean elkarte antolatzaileko kideek azpimarratu dutenez, urtetik urtera jende gehiago biltzen da jardunaldi honetan: «Klubentzako aukera polita da, haien kirola probatzeko aukera ematen dutelako, eta haur, nerabe eta familientzat ere garrantzitsua da emakumeentzako kirola aukera anitza dela ikusarazi eta eskualdean erreferenteak daudela erakusten duelako». Esan bezala, 20 kirol klub elkartu ziren atzo Irungo hirigunean, emakumeentzako kirol eskaintza erdigunean jartzeko asmoz. Irunes Txirrindularitza elkartea, Irun Running Taldea, Erroibide saskibaloia, Bidasoa Atletiko Taldea, Santiagotarrak, Lur Alai Squash Kluba, Atxiki Pilota elkartea, Bidasoa eskubaloia, Marino-Real Union, Leka Enea maha-tenisa edota bere pottokak Colon pasealekura eraman zituen Jaitzubia Hipika elkarteko ordezkariekin hitz egin genuen zuzenean.