Lesakako XVII. Mendi Itzulia ospatuko dute ekainaren 14an
2026/06/10
Beti Gazte elkarteak bi urtetik behin antolatzen duen ekitaldia da mendi itzulia eta aurten, bere hamazazpigarren edizioa ospatuko du igande honetan. Betiko moduan, bi ibilbidea izanen dira aukeran: 23 kilometroko motza eta 28 kilometroko luzea. Mendizaleek, Amargun, Alasta, Gardelkopagoeta, Agiña, Aritxulegi, Bianditz, Galtzarrieta, Elutxa, Itsaszelaita eta Sastrin bezalako mendiak igaro ahal izanen dituzte.
Beti Gazte elkarteak Lesakako XVII. Mendi Itzulia ospatuko du igande honetan, ekainaren 14an. Betiko moduan, bi ibilbide emanen dituzte aukeran: motza, 23 kilometrokoa eta 1.100 metroko malda positiboarekin; eta luzea, 28 kilometro eta 1.300 metroko maldarekin. Mendizaleek dagoeneko izena ematen ahal dute, ortzirale arratsera bitarte Nafarroako Mendi Federazioaren bitartez. Hala ere, egunean bertan, izena emateko aukera zabalduko dute, irteera baino lehen, Lesakako Plaza Zaharrean.
Bortzirietako herriek bi urtetik behin antolatzen dute mendi itzulia beraien mendietan barrena, baita Lesakan ere. Argiñe Ordoki Beti Gazte elkarteko kirol arduradunak, ez daki ziur zergatik hartu zen erabaki hori, baina herri desberdinetako mendi itzuliak txandakatzeko helburua duela uste du: “Ni Beti Gazteko zuzendaritza batzordean sartu nintzenean, dagoeneko bi urtetik behin egiten zen Lesakakoa. Guk antolatzen dugun urtean, Arantzakoa ere egiten da eta antolatzen ez dugunean, Etxalarrekoa eta Berakoa egiten dute. Beraz, txandakatzeko izan daiteke. Bortziritarrek aukera izan dezaten denetan parte hartzeko eta antolakuntza lanak ere errazteko”.
2026 honetan beraz, ospatuko dute itzuliaren hamazazpigarren edizioa eta, urtero bezala, bi ibilbide emanen dituzte aukeran, “batzuk gutxiagorekin nahiko izaten dutelako eta bertzeek gehiago nahi dutelako”, Ordokik dioenez. “Motzak 23 kilometro eta 1.100 metroko malda positiboa izanen du eta luzeak 28 kilometro eta 1.300 metro baino gehiagoko malda”, gaineratu du. Nahiz eta zenbakiek ibilbide gogorrak izanen direla adierazten duten, Beti Gazteko kideak azpimarratu du edozeinentzat egokia izan daitezkeen ibilbideak direla: “Distantzia aldetik, ordu dezente dira ibiltzen, baina ez du zailtasun teknikorik eta ez du marka zakarrik ere ez. Egiteko modukoa da. Gainera, denek osorik egin nahi badute ere, nekatua egonez gero, edo minik bada, aukera dago bidea moztu eta bueltatzeko edota anoa guneetan dauden boluntarioekin Lesakara itzultzeko”. Hala ere, hori eginez gero, kontrolekoei abisatu behar zaiela adierazi du Ordokik, edo izena ematerakoan banatuko dituzten paperetan agertuko den zenbakira deitzea.
Paisaiei dagokionez, ibilbideak orain dela lau urteetako hasiera bera izanen du, nahiz eta zenbait bide aldatuko diren. “Amargun eta Alasta inguru horietatik” igaroko dira mendizaleak lehen kilometroetan eta gero, Gardelkopagoetara ailegatuko dira. Puntu horretan bananduko dira bi ibilbideak: “Motza Agiñatik Elutxara joanen da orduan eta luzea, Endarako urtegira, Aritxulegira, Bianditzera, Galtzarrietara eta Elutxara joanen da. Hor elkartuko dira berriz ere bi ibilbideak eta hortik, Itsaszelaita, Sastrin eta Lesakara ailegatuko dira mendizaleak”.
Mendi martxa ez lehiakorra denez, parte hartzaileek “momentuan bertan erabaki dezakete zein ibilbide egin. Kontrolean abisatu beharko dute, batez ere Aritxulegin esperoan daudenek jakin dezaten zenbat mendizale ailegatuko diren, baina momentuko gauza izanen da”. Lehiakorra ez izanda ere, Ordokik azpimarratu du gehienezko eta gutxienezko denbora markatua dutela, nahiz eta “abiadura motelean kalkulatua” dagoen eta beraz, denbora nahikoa dagoen lasai ibiltzeko. Alderantziz ere, azkarregi doanak, Beti Gazteko kideak jakinarazi duenez, ez du bere txartelak zigilurik jasoko, “anoa guneetako jendeak elkarteak egindako denbora kalkulua duelako eta beraz, izan daitekeelako aitzinetik prest ez egotea”.
Mendi itzuliaren helburua beraz, ez da lehiatzea eta hori ere argi utzi nahi izan du Argiñe Ordokik: “Helburua mendiaz gozatzea da. Ez da ahalik eta azkarren egitea, lehendabizikoa ailegatzea edo lehiatzea. Helburua mendiaz eta paisaiaz gozatzea da eta ongi pasatzea”. Izen ematea dagoeneko irekia dago Nafarroako Mendi Federazioaren webgunearen bitartez, ortzirale arratsera arte. Hala ere, egunean bertan, izena emateko aukera zabalduko dute elkartekoek, 6:30etik 7:30era Plaza Zaharrean. Irteera ere bertatik izanen da 7:00etatik aitzinera, 7:30ak arte. Iganderako eguraldi ona dago iragarrita eta horrek mesede eginen dio Beti Gazteri, Ordokik onartu bezala, “parte hartzea nahiko aldakorra izaten delako, betiere eguraldiaren araberakoa”. Beraz, giro atseginarekin ospatuko da aurtengo edizioa eta Lesakan 300 bat mendizale edukitzea espero dute.