Maiatzeko hondarreko asteburuan ospatuko da Emeki emakume elkartean antolatutako Emakume pala txapelketa
2026/05/22
2019an abiatutako 'Eman pilotari' ekimenetik eratorritako Emakume Pala Txapelketa arrakastatsua antolatu du Emeki elkarteak hamaikagarren aldiz. Maiatzaren 30ean eta ekainaren 1ean jokatuko dituzte partidak Jostaldin, eta aurreko edizioetan bezala, Bidasoa eskualde osoko emakumeak parte hartzera deitu dituzte. Txapela jantzitzeko lehia bizia baino, emakumeen kirola sustatu eta palada hotsen arteko sororitatea areagotzeko helburu duela azaldu digu Tzane Carrillo Emekiko kideak.
Emakumeen XI. Pala Txapelketa antolatu du Emeki elkarteak maiatzaren 30ean eta ekainaren 1ean. Epe labur batean klasiko bilakatu bada ere, 90. hamarkadan bilatu behar dira ekimen honen erroak. Izan ere, Emekiko kideek gogoratzen dutenez, 1995etik 1998ra hainbat txapelketa antolatu zituen emakume talde batek Hondarribian. Pala suspertu zuten garai hartan, baina boluntariorik ez zegoenez ekimenak ez zuen jarraipenik izan.
Aldiz, garai haietan parte hartu zuten zenbait emakumek heldu zioten berriz proiektuari 2019an. Pandemiaren aurretik hasi ziren erreleboa hartu nahian, eta herriko Talaia, Egiluze eta Ama Guadalupekoa eskoletako neskek kirola egin zezaten, Emakumeen Pilota Elkartearekin lankidetzan 'Eman Pilotari' ekimena abiatu zuten. Proiektuak fruitu ederrak eman ditu. Izan ere, gaur 6-13 urte arteko hogei bat neska-mutil elkartzen dira asteartero 17:00etan Jostaldin pala hastapenak egiteko ikastaroetan, eta ondoren helduek ere entrenatzen dute.
Hasierako urteetan txapelketa Soroetako frontoian antolatu zuten. Baina Tzane Carrillo Emekiko kideak nabarmentzen duenez, Hondarribiko Udalaren babesa izan dute beti. Eta txapelketa ofiziala ez bada ere, azken urteetan Emeki elkarteak bultzatutako proiektuak dinamika oso bat eragin du eskualdean. Eta azken edizioak Jostaldin eta harmailak betetzeko deialdia eginez antolatu dute.
Emekik berak azaroaren 25 eta martxoaren 8aren bueltan, edota herriko jaietan antolatu ohi dituen Bixi-Bixi Pala Txapelketa saioetan bezala, urtero antolatzen duen hitzordu honek arrakasta bildu baitu. Eta herrikoak ez ezik, eskualde osoko emakumeak aktibatu eta martxan jarri dira palan jokatzeko. Irunen ere, Atxiki pilota eskola berrian ohartu dira, eta emakume talde bat astero elkartzen baita Uranzu frontoi txikian entrenatzera.
Lehia gutxienekoa bada ere, ez da faltako. Baina palada hotsen arteko sororitatea nagusi izango duen txapelketan parte hartzeko deia luzatu dute, maiatzaren 30ean eta ekainaren 1ean. Oraindik ere maiatzaren 27a arte izena emateko aukera dago emekiemakumelkartea@gmail.com helbidera idatziz.