Mariño Real Unionek ezin izan zu Kopan aurrera egin

2025/05/30
Realaren kontra 1-0eko emaitzarekin galdu zuen talde irundarrak Kopako final laurdenetan, eta denboraldia guztiz bukatutzat eman zuten honela. Hala ere, pozik joan ziren egindako lanarekin, intentsitate altuarekin zelairatu baitziren eta erakutsitako jokoa euren izaerarekin bat ere joan baitzen.
Mariño Real Unionek ezin izan zu Kopan aurrera egin

Mariño Real Unionek 1-0 galdu zuen, pasa den asteartean (maiatzaren 27an), Realaren kontrako Kopako final laurdenetan. Ametsa zen lehiaketa honetan aitzinera egitea, baina ez zen posible izan. Hala ere, taldea harro dago egindako lanarekin eta azken partidu honetan erakutsitako maila eta jokoarekin. Euren izaera erakusteko gai izan ziren eta familia elkartu baten moduan eman diote honela bukaera ofiziala Hirugarren Mailara igoera lortu duten denboraldi bikain honi. 

Mireia Zumeta jokalari eta kapitainak Realaren kontrako neurketa “oso partidu lehiatua” izan zela argitu du. Hasieran “guztiz sartzea kosta egin” zitzaiela ere onartu du, baina lehen 25 minutuak pasatuta, “Realaren zelaian sartu eta benetan estutzen” aritu ziren irundarrak. Euren izaera erakusteko gai izan ziren Mariñoko jokalariak, Ligako txapeldunen kontra, eta horregatik beragatik “bukatzeko modu bikaina” izan zela argi du Zumetak. 

Partiduaren aukera gehienak talde bisitariarenak izan baitziren, donostiarrek lortu zuten gola sartzea eta 1-0eko behin-betiko emaitza eskuratzea. “Amorrua sentitu genuen emaitzagatik eta partiduan zehar ere egon ziren bidegabekeriengatik. Beraiek bi aukera izan zituzten eta bigarrenean sartu zuten gola. Guk aukera gehiago izan genituen, baina ez genuen baloia sarera sartu”, gaineratu du kapitainak. 

Hala ere, pozik gelditu ziren egindako lanarekin eta “familia elkartu baten moduan” bukatu dute denboraldi ezin hobe hau, Zumetak azpimarratu nahi izan duen moduan. Hirugarren Mailara igoera lortuta, eta Kopako azken partidu hau lehiatuta, “pozik joan ginen guztiak etxera”, adierazi du Mireia Zumetak. Eta nola ez, izan ere, aurten erakutsitako indarra eta maila bikainak izan dira eta taldekide guztiak ere “harro” sentitzen dira horrekin. Orain, merezitako atsedenaldia hartuko dute emakumeek eta heldu den urtera begira helburuak finkatzen hasiko dira laster.