Mikel Zabalak ez du Irudek Bidasoa Irunen segituko
CD Bidasoatik jakinarazi dutenez, Mikel Zabala jokalariak ez du Irudek Bidasoa Irunen segituko. Zazpi denboraldiz lehen taldeko elastikoa jantzi ondotik, denboraldi bukaeran jokalari izateari utziko dio eta Irunen izan duen ibilbidea etengo du.
Klubak onartu duenez, Zabala funtsezko pieza izan da azken urteetan Bidasoaren hazkundean, bere talentua, konpromisoa eta entrega ekarriz partida eta entrenamendu bakoitzera. Zabala 2018an ailegatu zen IRUDEK Bidasoa Irungo lehen taldera, eta bere dedikazioak, kantxan zein kantxatik kanpo, arrasto sakona utzi du aldagelan, klubean eta zalegoan.
“Taldea lagatzea erabaki dut. Denbora luzez pentsatu ondoren, aspaldian sentitzen dut beste bide ezberdin bat hartzeko grina, eskubaloitik urrun”, adierazi du Zabalak. “Bidasoa ez da erdizka egoteko taldea. Horregatik, klubarekin eta bereziki taldekideekin zintzo jokatzeko beharra sentitzen nuen, eskatu baino gehiago eman didatelako beti”.
Zabalak eskerrak eman nahi izan du CD Bidasoan eman dituen urte guztiengatik: “Esker hitzak besterik ez ditut zuzendaritza, gorputz tekniko, fisio, mediku eta, batez ere, edukitako taldekideekin. Zorte handia izan dut aldagela barruan eduki dudan inguru sanoarekin. Betirako lagunak eramaten ditut”.
Klubetik ere zazpi denboraldi hauetan taldeari eman dion guztia eskertu nahi izan dute. "Profesionaltasunaren eta kolore hauenganako maitasunaren adibide izan da, eta beti izango da gure historiaren parte", gaineratu dute. Etorkizuneko erronka pertsonal zein profesionaletan arrakasta handiena opa diotela ere azpimarratu dute.