Nazioarteko squash jokalari emakume profesionalak lehian Irunen
Nazioarteko squash txapelketako zirkuitu profesionaleko emakumeen txapelketa antolatu du Irungo Lur Alai Squash Klubak, lehen aldiz Euskal Herrian. Maiatzaren 22tik 25era ospatu zen txapelketa Artalekuko pistetan eta goi mailako kirola ikusi ahal izan zen bertan. Guztira, 16 jokalari profesionalek hartu zuten parte, 10 herrialde desberdinetatik etorrita. Tartean, Professional Squash Association-ek gonbidatuta, etxeko taldeko Leticia Maite Estornes baionarrak eta Sestao taldeko Irune Peinadok (Euskal Herriko txapelduna) hartu zuten parte. Txapela aldiz, Suitzako A. Allinckx-ek eraman zuen.
Lur Alai Squash Klubak antolatzen duen Alizia Txoperena emakumeen txapelketa nazioarteko profesionalentzat zuzendua egon da aurtengoan. Egipto, Kroazia, Eslovenia, Frantzia edota Irlandatik etorritako squash jokalari profesionalak lehiatu dira bertan, goi mailako kirola ekarriz bertze behin Artalekuko pistetara. Euskal Herrian lehen aldia da horrelako zerbait ospatzen dela, squashari dagokionez, eta Gorka Arretxe Irungo klubeko ordezkariak adierazi duenez, “urrats historikoa da” beraiena bezalako klub xume batentzat.
Hamasei jokalarik hartu zuten parte guztira, profesionalak gehienak. Izan ere, tartean, Euskal Herriko bi jokalari amateurrek ere parte hartu ahal izan zuten, Professional Squash Association erakundeak gonbidatuta. Irungo klubeko Leticia Maite Estornes baionarrak eta Sestao taldeko Irune Peinadok (17 urteko jokalaria eta Euskal Herriko txapelduna) aukera izan zuten profesionalen artean aritzeko. Txapelketan aitzinera egin ez bazuten ere, esperientzia polita izan zela aitortu du Arretxek: “Bi euskal jokalari hauek ez zuten lehen ronda pasatu, goi mailako jokalariak zirelako aurkariak, baina gustora jokatu zuten eta oso pozik zeuden lehen esperientzia hau bizitzeagatik”.
Txapela eramateko faboritoak ere bazeuden lehen egunetik, baina lesioak eta bidaia tarteko, pistetan nabarmena izan zen nekea eta esfortzua: “Hainbeste kilometro egin beharrak eta bidaiak ondorioak ekarri zituen. Gorputzek eta buruek sentitu zuten esfortzua eta jokalariak ezin izan ziren %100ean egon. Ekonomikoki ere esfortzu handia zen Irunen egotea, baina puntuak behar dituzte eta horretarako, txapelketa asko jokatu behar dituzte”.
Finalera Kroaziako F. Vidovic eta Suitzako A. Allinckx jokalariak ailegatu ziren eta azken honek garaipena eskuratu zuen azkenean, 3-1eko markagailuarekin. Finala “oso ikusgarria” izan zela onartu du Arretxek eta jende anitzek segitu ahal izan zuela. Izan ere, bertaratutakoez gain, Lur Alai Squash Klubaren YouTube kanalaren bitarten segitu ahal izan zuten askok partidua zuzenean. Txapelketa bukatuta, balorazio oso positiboa egin dute klubetik: “Maila handiko squasha ikusteko aukera egon da. Jokalariak oso eskertuak joan dira jasotako tratuagatik eta antolakuntzagatik. Guk ere esker onak adierazi nahi ditugu. Balorazio bikain honekin, heldu den urteari begira babesle gehiagoren bila joan beharko ginateke, maila goreneko jokalariengana iristeko eta beraien esfortzua sari handiagoekin apaldu ahal izateko. Emakumeen txapelketa eta kirola bultzatu eta sustatzeko asmoarekin, administrazio eta enpresa pribatuen laguntza eskatzen dugu, benetan ikusgarria eta merezi duen kirol bat delako”. Ildo beretik, udaletxeak txapelketa honi begira egindako moldaketak eskertu ditu Arretxek, “lurra berritu eta paretak pintatu” dituzte eta horrek txapelketa hobeki segitzera lagundu duela azpimarratu du.