Oier Kanpandegiren parte hartzeak ikusmina piztu du Hondarribia Grand Slameko finalerditarako
Uda luze baten ondotik, irailaren 19an jokatuko den Hondarribia Grand Slam zestapunta txapelketaren final handia hurbil dago. Eta ostiral honetan, irailaren 12an, finalerdiak jokatuko dira 20:00etatik aurrera. Arbe-Argoitia eta Bixente-Atainen artekoa lehenik, eta Hormaetxea-Bailo eta Erik-Kanpanen artekoa gero. Finalerdiak eta finala EITBn eskainiko dituzte zuzenean, baina partida hauek piztu duten ikusmina dela eta, Jostaldiko harmailak betetzea espero dute antolatzaileek. Sarrerak lotura honetan eskura daitezke.
Hondarribiar bat goi mailan
Faborito argiak daude, izan ere, Arbe-Argoitia eta Hormaetxea-Bailok ez dute txapelketa honetan partidarik galdu orain artean. Hala ere, lau bikoteek maila handia erakutsi dute uda osoan zehar, eta Erik-Kanpan finalera sailkatzeko itxaropena ez dute galtzen. Batetik, Erik Mendizabal munduko puntistarik onenetakoa delako, eta Kanpan etxeko zaleen babesa izango duelako.
Oroitarazi behar da, Oier Kanpandegi, 20 urteko hondarribiarrak uda honetan egin duela bere debut profesionala, hain justu, uztailean Hondarribia Grand Slam txapelketaren ligaxkan Arbe-Argoitiaren aurka. Hondarribiko zaleek azken urtetan Hondarribiko Pilota Eskolak zestapuntaren alde egindako harrobi lanaren emaitzaz gozatu ahal izan du uda honetan. Oier Kanpandegi ez ezik, txapelketaren irekieran, lau hondarribiarren arteko partida ikusi ahal izan baitzuten, Basterra-Bereau eta Zamora-Kanpan (15-11 eta 15-14).