Parean elkarteak hainbat hitzordu prestatu ditu urrirako emakumea eta kirola ardatz hartuta

2025/10/01
Irungo kirol kluben eskaintza batzen dituen gida, argazki erakusketak, hitzaldiak, entrenamendu saioak eta futbol partidu bat antolatu ditu, herriko kluben, Mendi Urruzunoren, Kera elkartearen eta Txingudiko Elkarte Feministaren laguntzarekin. Urriaren 7an hasiko dira ekintzak eta urriaren 30ean bukatu. Ekitaldi guztiak emakume guztiendako irekiak izanen dira eta doan.
Parean elkarteak hainbat hitzordu prestatu ditu urrirako emakumea eta kirola ardatz hartuta

Parean elkarteak urteak daramatza emakumeak eta kirola uztartzen dituzten proiektuak aitzinera eramaten. Irungo kirol kluben ordezkariekin generoari buruzko tailerrak antolatu dituzte, baita Igande Sasoi bezalako ekimenak ere. Honez gain, 2022an, lehen aldiz kirol klub guztien eskaintza batzen dituen gida bat argitaratu zuten, emakumeei eta neska gazteei zuzendua. Aurten, gıda berbere atera dute zenbait berrikuntzekin, hala nola, kluben pratika onak goraipatzen dituen zerrendarekin edota aholkuen atalarekin. 

Oihana Llorente Parean elkarteko kideak aipatu duenez, “emakumeek jarduera fisikoan eta kirolean duten parte hartzea gizonena baino urriagoa da. Helduaroan kristalezko sabaiarekin eta soldata arrakalarekin egiten dute topo, baina desberdintasun hau haurretatik nabarmena da kirolean”. Izan ere, badira urte batzuk ohartu zirela neskek lehenagotik uzten ziotela kirola praktikatzeari. Hori konpontzeko, bertze ekimen batzuez gain, gida bat kaleratu zuten orain dela hiru urte: “Emakume eta neskentzat Irungo kirol klubek duten kirol eskaintza batu eta gida baten bitartez zabaltzen dugu. Eskaintza badago, baina zabaldu behar da hori”. 30 klub baino gehiagok hartu dute parte ekimenean eta horien guztien informazioa partekatzen da bertan. Aurten gainera, berrikuntzetik dator gida: “Aurten aldaketa bezala, kirol kluben praktika onak edo aholkuak eman ditugu, erantzunkidetasuna eta emakumeen parte hartzea sustatzen dutenak”. Honen guztiaren asmoa, asmoa informazio hau “ezagutaraztea da eta beste klubei ere animatzea horrelako gauzak egitera”, Llorentek dioenez. 

“Hamaika emakume, hamaika erronka” argazki erakusketa

Urrian zehar Parean elkarteak eginen dituen ekimenen artean, Mendia Urruzunoren “Hamaika emakume, hamaika erronka” argazki erakusketa ere ikusgai egonen da Palmera Montero gunean. Emakumea eta kirola ditu ardatz nagusia erakusketak, baita horien erronkak ere. Urruzunok berak jakinarazi duenez, “Intxaurrondoko Kultur Etxeak, Udalak eta bertako emakume taldeak, M8aren astearen bueltan” sortutako lan bat da Irunen ikusgai dagoena. Hasieran, Olinpiar Jokoetan edo dominak irabazi zituzten neskak agertzea zen helburua, baina argazkilariak ez zuen horrekin identifikatu nahi erakusketa, baizik eta “kirola beste zerbaitetarako erabiltzen dugun emakumeak agertzea” nahi zuen. Horrela, egunerokoan kirola praktikatzen duten emakumeen erretratuak ageri dira, Urruzunok kontatu nahi zuena kontatzeko beharrezkoa den bertze “argazki lagungarri batekin, testuingua ematen duena”. 

Argazkilariak onartu duenez, “faltan somatzen” ditu gauza asko lanean, adibidez “emakume ez zurien argazkiak”, eta hortaz damutzen bada ere, bertzelako historioak kontatzeko aukera izan du argazkien bidez: “25 urtez Kontxan bainatzen diren emakumeak eta sare bat sortu dutenak hortik edota eskolako patioan mutikoekin borrokan aritzen diren neskak”. Argazki erakusketa hau urriaren 21era bitarte egonen da ikusgai, Palmera Montero gunean. 

Kera elkartearen bostgarren topaketa pedagogiko eta feministak

Kera elkarteak ere hainbat hitzordu prestatu ditu urriko lehen egunetarako. Izan ere, elkarteak bere bostgarren topaketa pedagogiko eta feministak antolatu ditu urriaren 7tik 10era, tartean kirolak protagonismo berezia izanen duelarik. Topaketan bostgarren edizioa bera goraipatuko dute, baita ijitoek Iberiar penintsulan 600 urte daramatzatela ere. Horretarako, urriaren 7an, asteartean, Oiasso Museoan, pasa den urtean Irunen egon zen Sara Montoya boxeolariaren filma proiektatuko dute, Golpe a Golpe (18:00). Ostegunean berriz, urriaren 9an, Emakume Ijitoen Topaketa ospatuko da goizez eta arratsaldez berriz, Stadium Galera lekualdatuko dira Tramontana klubarekin hitzaldia ospatzeko. Tramontana emakume ijitoen lehen klub federatua da eta jokalariekin arituko dira erronka desberdinez solastatzen, 17:00etatik aitzinera. Ondotik, 19:00etan, taldeak Mariño Real Unionen kontrako partidua jokatuko dute. Bukatzeko, urriaren 10ean, Emakumeok Zast! programaren hitzordu berri bat ospatuko dute, eta Tramontana taldea Irunen izanen dela aprobetxatuz, eurekin eginen dute hilabeteko saioa, 10:00etatik 12:00etara. 

Carmen Diaz Mantegi antropologoarekin Behobia-Donostiaz

Txingudiko Elkarte Feministak ere azken hitzordu bat antolatu du urrirako. Elkarteak Behobia-Donostia prestatzeko eta proban parte hartzeko emakumeen talde bat du eta horren bueltan, hitzaldi bat antolatu du urriaren 30erako Parean elkartearekin batera. Carmen Diaz Mantegi antropologoak eskainiko du hitzaldia, Behobia-Donostiaren antolakuntza taldeko kide dena. Diaz Mantegi, Sandra Piñeirorekin batera ariko da probak, kirolaz, emakumeaz eta berdintasunaz solasean.