Ramses Gil: “Ustekabekoak ditugu, baina ez aitzakiarik lehiatzeko”
2026/10/16
Real Unionek Extremadura taldea bisitatuko du bihar, urriaren 17an, 18:45ean. Denboraldiko zortzigarren jardunaldia izanen da eta hiru puntuak bueltan ekartzea izanen da txuribeltzen helburu nagusia. Bost jardunaldi daramatza talde irundarrak irabazi gabe eta, azken asteburuetan, sentsazio onak bilduta, oraingo honetan garaipena eskuratzen saiatuko da.
Real Unionek Extremadura taldea bisitatuko du bihar, urriaren 17an, 18:45ean. Momentu honetan, sailkapenean aurkari zuzenak diren bi talde egonen dira aurrez aurre. Izan ere, talde txuribeltza hamargarren postuan dago, bederatzi punturekin, Extremadurarekin berdinduta, nahiz eta hauek postu bat beherago dauden kokatuta. Bertze guztiak bezala beraz, neurketa hau ere gogorra izanen dela aurreikusi dute irundarrek, nahiz eta hiru puntuak lortzeko gogoz dauden.
Azken asteetan emandako mailarekin pozik azaldu da prentsaren aurrean Ramses Gil entrenatzailea: “Partiduetan izan ditugun sentsazioak onak dira, lehiakortasuna erakutsi baitugu. Hala ere, puntu gehiago batu nahi ditugu eta hori lortzen saiatuko gara Extremaduran”. Ez da erraza izanen ordea, etxeko taldeak Coriaren eta Athletic-en kontra maila eman baitzuen eta gai izan baitzen, “aurkaria hobea izanda ere, momentu zailei aitzin egiteko eta partiduari buelta emateko”. Edonola ere, Real Union prest dago biharko partidurako. Jokalariak “ongi" daudela aitortu du Gilek, nahiz eta “ustekabekoak” ere badiren: “Ustekabeak ditugu, baina aitzakiarik ez lehiatzeko. Hori eginen dugu eta bertan irabazten saiatuko gara”. Entrenatzaileak gainera, pasa den asteburuan Ander Sanchezek egindako debuta azpimarratu du. Geroztik, lehen taldearekin lanean segitzen duela adierazi du eta bidaiaren parte ere izanen dela.