Real Union Bigarren RFEF Mailara jeitsi da

2025/05/26
Denboraldiko azken jardunaldian Athletic Club Bren kontra 4-2 galdu ondotik, talde txuribeltza Bigarren RFEF Mailara jeitsi da. Talde txuribeltzak ezin izan ditu bere aurtengo helburuak erdietsi eta Administrazio Kontseiluko kideak dagoeneko lanean ari dira heldu den urteko taldea osatzeko eta euren proiektuari buelta bat emateko.
Real Union Bigarren RFEF Mailara jeitsi da
Athletic Club B 4
2 Real Union Club

Real Unionek 4-2 galdu zuen, pasa den larunbat arratsaldean, Athletic Club Bren kontra, denboraldiko azken jardunaldian. Zalez betetako zortzi autobus joan ziren Lezamara, taldeari babes guztia eskaintzera, baina hori ere ez zen nahikoa izan aurtengo helburuak lortzeko, Lehen RFEF Maila mantentzea alegia. Azken partiduan porrot egin ondotik, talde txuribeltza Bigarren RFEF Mailara jeitsi da.

Hirugarren urtez segidan egoera berean egon da Real Union, denboraldiko azken partiduan maila mantentzeko borroka betean sartua, alegia. Aurreko bi aldietan, helburuak lortuz bukatu zuten denboraldia, aurtean ordea, ezin izan da gauza bera errepikatu. Hain zuzen ere, ez zegoelako guztia Albert Carbóren taldearen esku. Garaipena erdiesteaz gain, sailkapenean ondoan zituen taldeen emaitzen zain egon behar ziren txuribeltzak.  Hala ere, lehen pausua ere ez zuen eman Irungo taldeak eta Athletic Club B taldearen kontra 4-2 galduta, ezin izan zuen ezer ere egin Lehen RFEF Maila mantentzeko.

Golik gabeko lehen zatia jokatu zuten larunbatean Athleticek eta Real Unionek. Azken hauek pare bat aukera eduki zituzten markagailuan aurrea hartzeko, baina ez zuten hori lortu. Hamargarren minuturako lau sake ateratzeko aukera izan zuen talde txuribeltzak, Gastesik zaindutako atea arriskuan jarriz. Aukerarik garbiena 30. minutuan ailegatu zen. Eskuinetik egindako erdiraketa bat Finley Munroengana iritsi zen eta azken honek jaurtiketa indartsua egin zuen Gastesiren atera. Hala ere, etxeko jokalari batek ongi aldendu zuen baloia eta, erran bezala, hutsera berdinduta ailegatu ziren bi taldeak atsedenaldira. 

Bigarren zatia hasi eta berehala, Sergio Benitok aukera izan zuen gola sartzeko, baina zutoina urratuz jaurtiketa gurutzatua joan zen. Hurrengo jokaldian berriz, talde bilbotarrak aurrea hartu zuen, Ibai Sanzen geldikako golari esker. Minutu batzuk beranduago, Adrian Perezek etxekoen bigarren gola sartu zuen eta maldan gora jarri zion partidua irundarrei. Edonola ere, txuribeltzek ez zuten amore eman eta markagailua berdintzera joan ziren, baita lortu ere. Victor San Bartolomek eta Koldo Obietak, bi minutuen tartean, gol bana sartzea lortu zuten, emaitzan 2-2koa ezartzeko. Hurrengo minutuetan garaipena posible zela sinetsirik jokatu zuen Albert Carbóren taldeak eta hirugarren gola sartzeko aukera bana izan zituzten Obietak eta Victor Eimilek, baina ez zuten atean asmatu. Talde bilbotarrak aldiz, aukerak ongi aprobetxatu eta neurketaren azken minutuetan bi gol gehiago sartu zituzten, garaipena eskuratzeko. Perezen bigarren golarekin eta Alejandro Regok sartutako bertze batekin, 4-2ko behin-betiko emaitza jarri zuten markagailuan. 

Porrot honekin, Real Unionek sailkapeneko hemezortzigarren postuan bukatu du denboraldia eta ez ditu helburu nagusiak erdietsi, Bigarren RFEF Mailara jeitsi baita talde irundarra. Orain, Zuzendaritza Batzordea lanean hasi beharko da heldu den denboraldiko taldea osatzeko eta Real Unionek proiektua birpentsatzeko.