Real Unionek porrot egin zuen etxean sei asteren ondotik
Real Unionek 1-2ko markagailuarekin galdu zuen, pasa den larunbat arratsaldean Stadium Galen, Baskoniaren kontra. Bizkaitarrek bi gol sartuta, partidua ia erabakita utzi zuten bigarren zatian, baina orduan ailegatu zen etxekoen erantzuna. Soroetak gol bat sartu zuen, markagailuko tartea murrizteko, baina ez zen nahikoa izan emaitza berdindu edo iraultzeko. Saiatu baziren ere, txuribeltzek ezin izan zuten Baskonia garaitu eta punturik batu gabe gelditu ziren.
Denboraldiko bigarren porrota izan da Real Unionentzat, Baskoniaren kontrako hau. Sei aste zeraman talde txuribeltzak irabazten eta oraingo honetan, ezin izan ditu bizkaitarrak garaitu, modu sendo eta lehiakorrean aritu baitziren garaipena lortzeko. Hala ere, partiduaren lehen aukera etxekoena izan zen. Unai Garciak jaurti zuen, baina Simon Garcia ongi gelditzeko gai izan ziren. Ordutik aitzinera, Baskonia baloiaren jabetza edukitzen hasi zen eta Ramses Gilen jokalariei defentsan aritzea egokitu zitzaien. Aukera gehiegirik eduki gabe jokatu zuten bi taldeek, baina bakan horietako batean bizkaitarrak 0-1ekoa ezartzea lortu zuten. Louakimak jokalari bisitari bat eraitsi zuen area barruan eta epaileak penaltia adierazi zuen. Oyonok ez zuen hutsik egin eta aitzinetik jarri zituen bisitariak atsedenaldirako.
Bigarren zatiaren hasieran, Real Union sendoago bat ikusi ahal izan zen, nahiz eta bigarren gola sartzeko aukera Basconiak eduki zuen bere hanketan. Lande Emeryk ongi gelditu zuen hau, Zarandonak egin zuen betalaxe hurrengo jokaldian Tellecheak egindako errematearekin. Bizkaitarren bigarren gola ailegatu baino lehen, Unai Garciak izan zuen berdinketaren aukera bere hanketan, baina ezin izan zuen lortu. Orduan iritsi zen, erran bezala, Baskoniakoen bigarren eta azken gola. Conde ihesaldi on batean sartu zen eta defentsa gaindituz, atezaina ere gainditu zuen, 1-2koa ezartzeko. Partidua maldan gora jarri zitzaion Real Unioni orduan, baina ez zuen amore eman eta abaguneak sortzen hasi zen, nahiz eta horietako bakar batek ere ez zuen aterik aurkitu. Hala ere, itxura hobea eman zuen neurketaren azken zati horretan eta sentsazio biziagoarekin aritu zen.
Azkenik, 1-2koarekin bukatu zen Real Union eta Baskoniaren arteko partidua, punturik batu gabe utziz etxeko taldeari, sei asteren ondotik. Hala ere, lidergotzan segitzen dute Ramses Gilen mutilek, 39 punturekin guztira, sailkapeneko bigarren eta hirugarren taldeei bortz puntuko aldea aterata. Heldu den asteburuan, SD Logroñes bisitatuko du Real Unionen, larunbatean (urtarrilaren 24an), 19.00etan.