Santxikorrota lasterketa ospatuko du Agerraldiak Arketasen urriaren 3an

2026/09/03
Nafarroako hegoaldeko herritarrek euskaraz aritzeko eskubidea dutela aldarrikatuko dute, laugarren urtez segidan, Bardeetan barrena eginen den Santxikorrota lasterketan. Aurtengoan gainera, alde historikoari arreta jarri nahi diote eta Santxikorrotaren pertsonaiaren inguruan arituko dira, XV. mendean Erriberan, euskaraz normaltasunez aritzen zirela oroitaraziz. Mintzaian elkarteak, hirugarren aldiz, autobusa antolatu du Hendaiatik, Arketasekin senidetuak daudela aprobetxatuz.
Santxikorrota lasterketa ospatuko du Agerraldiak Arketasen urriaren 3an
Santxikorrota lasterketa ospatuko da laugarren urtez segidan Arketasen, urriaren 3an. Agerraldiak antolatzen duen ekimena da eta geroz eta euskaltzale gehiago dira Bardeetan barrena lasterka aritzera eta euskara barreiatzera animatzen direnak, tartean hendaiarrak. Izan ere, Hendaia eta Arketas herri birazkatuak dira eta, bigarren ediziotik aitzinera, Mintzaian elkarteak autobusa antolatu du Erriberara joan, lasterka egin eta, bidenabar, euskara kalera eramatera. Autobusean izena emateko epea irekita dago irailaren 30era arte. Lasterketan parte hartzeko ordea, irailaren 20a baino lehen eman beharko da izena. Santxikorrota gaur egunera arte ailegatu den Erriberako pertsonaia baten inguruko kondaira bat da. Pello Aranzabal Mintzaian elkarteko kideak jakinarazi duenez, “Santxikorrota izena ikertu dutenen arabera, Santxiko Santxo txikia da eta errota, errotariaren semea zelako da. Honek jauntxo bat hil omen zuen eta Bardeetara joan zen ihesi. Han bilakatzen da gaizkile batzuentzat, baina beste herritar batzuentzat heroi bat. Beharretan zegoen jendeari ere aberatsei lapurtzen ziena banatzen baitzien”. Honekin beraz, argi ikusten da, Erriberan ere euskaraz aritzen zirela XV. Mendean. “Erraten dute Erriberan ez dela sekula euskaraz hitz egin, baina nola da posible izen hau? Guk erakutsi nahi dugu Erribera euskalduna zela. Hain zuzen ere, badakigu bertako ikazkinek harremana zutela Zaraitzuko artzain elebakar euskaldunekin. Beraz, zantzu guztiek horra eramaten gaituzte, euskaraz egiten zela pentsatzera. Guk erakutsi behar dugu euskaraz aritzen zirela, baina akaso beraiek erakutsi beharko dute gaztelaniaz egiten zela. Hau agerian gelditzea nahi dugu”, gaineratu du Aranzabalek. Alde historikoari jarriko diote arreta beraz aurtengo lasterketan: “Pertsona berari buruz zabaldu nahi dugu, zentzua ematen diolako herrigintzari, euskarari, kulturari, pertsonaiak aunitz baduelako hortik”. Hendaia eta Arketas herri birazkatuak dira, eta biak ere badituzte antzekotasunak euskarari dagokionez. “Tamalez, ez Hendaian ezta Arketasen ere, euskara ez da ofiziala. Han, beharbada, kontrakotasun gehiago dago. Baina polita da, bi herri birazkatuak izanik, momentu hori bizitzea”, dio Mintzaianeko kideak. Horretarako, elkarteak egindako kantua eramanen dute Erriberara, eskualde hori ere "Euskal Herriaren parte izan delako historikoki eta euskaraz hitz egin nahi badute, beraien eskubidea dela” aldarrikatzeko. Euskara modu positibo batean eraman nahi dute gainera, “askotan, Nafarroan, politikari batzuk konfrontaziorako erabiltzen dute euskara eta kutsu negatiboa ematen diote”. Horrela, Aranzabalek azpimarratu duen bezala, “guk beste begirada bat eman nahi diogu hizkuntzari, kirolean eta giro alaian. Agerraldia horregatik sortu zen, euskara Erriberako plazetara eramateko eta nik uste funtzionatu duela”. Geroz eta gehiago dira, hain zuen ere, Santxikorrota lasterketan parte hartzen dutenak. Iaz 116 bat lagun atera ziren Bardeetan korrika. Hala ere, lasterketa aritu nahi ez duenarentzat ere bada alternatiba, urtero bisita gidatu berezi bat antolatzen baitute herritarrek Arketas gehiago ezagutzeko. Eguerdian gainera, guztiak mahaiaren bueltan elkartzen dira, herriko plaza euskaldunez betetzeko. Hendaiatik ere geroz eta gehiago dira egunpasa egitera animatzen direnak: “Hendaiatik abiatzen den autobusean kopuruak gora egin zuen iaz eta aurten ere jauzi bat eman nahi dugu, autobus erdia betez. Autobusean joaten diren gehienek lasterketan parte hartzen dute, baina bada alternatiba korrika egiten ez dutenentzat. Gero denak elkartzen gara bazkaltzera, hango euskaltzaleek prestatutakoa. Egun polita da eta pozgarria da han biltzea eta euskaraz aditzea”. Plazan bazkaltzera elkartzen diren momentua azpimarratu du Aranzabalek, garrantzi berezia ematen baitiote horri Agerralditik. “Lehenengo urtean kanpora bidali gintuzten bazkaltzera, herriko etxeak ez baitzuen baimenik eman. Hango euskaltzaleek ordea, herrian egon nahi zuten, plazan euskaraz aritu eta parrilla bat jarri zuten iaz, bertan janaria egin eta banatzeko”, jakinarazi du. Horrela bada, egunean parte hartu nahi duenak izena eman beharko aitzinetik, autobusean bere lekua gordetzeko. Mintzaian elkarteko kideak aipatu duenez, irailaren 30era arte egonen da aukera autobusean apuntatzeko. Horretarako, 0685379899 telefonora deitu edo mezu bat idatzi beharko da eta 12 euro ordaindu. 6:30ean abiatuko da autobusa, irailaren 3an, korrikalariek 9:00etan egon beharko direlako Arketasen. Buelta berriz, 17:00ak aldean eginen dute. Lasterka ari nahi dutenak ere izena eman beharko dute irailaren 20a baino lehen, Agerraldiaren webgunearen bitartez. Bi ibilbide izanen dituzte aukeran: 21 kilometroko luzea eta 7 kilometroko motza. Pello Aranzabalek guztiak animatu ditu korrika egitera, “herri lasterketa bat” delako eta garrantzitsuena ez delako lehiatzea, ez lehen ailegatzea, baizik eta euskara Bardeetan zehar zabaltzea.