Unai Amiano pilotari irundarrak profesional mailan debuta eginen du Uranzun

2025/09/03
Irailaren 19an jokatuko du Amianok bere lehen partida profesional gisa. Baiko enpresaren eskutik emanen du jauzi hori eta Uranzun izanen da debuta, bere hiriko frontoian alegia. Martxel Iztuetarekin bikote eginez, Erik Jaka eta Ander Imaz izanen ditu pilotariak ibilbide honetan lehen aurkariak.
Unai Amiano pilotari irundarrak profesional mailan debuta eginen du Uranzun

Unai Amiano 20 urteko pilotari irundarrak, Baiko enpresaren eskutik, profesional mailara jauzia emanen du heldu den irailaren 19an, ortziralean. Uranzu frontoian jokatuko du bere estreinako partida eta hori ere berezia izanen da, bere hiriko pilotalekuan emanen diolako Amianok hasiera ibilbide profesionalari. Txikitako ametsa beteko du honela irundarrak eta horretarako bidelagun Martxel Iztueta izanen du, Amianorekin entrenatzen ibili den eta, gaur egun, goi mailan dagoen pilotaria. Aurkari gisa bertze bi ezagun izanen dituzte, Erik Jaka eta Ander Imaz. 

Kirolari bezala izan daitekeen ametsik handienetako bat profesional izatera ailegatzea da. Bada hori beteko du Unai Amianok hilabete honetan, urte luzez Irunen, Beran, Añorgan eta Tolosako Aurrera klubean ikasitako guztiaren ondotik. Baiko enpresaren bitartez, profesional mailara jauzia emanen du pilotari irundarrak heldu den irailaren 19an. Amianok berak azaldu duenez, “txikitatik bilatu dudan debuta da, nahiz eta jakin dudan ere oso zaila dela”. Hala ere, hori ez da eragozpen bat izan lanean segitzeko: “Aurrerapausuak ematen joan gara eta profesionalekin entrenatzen hasi ginen, serioago. Txapelketetan ere maila ona ematen hasi ginen”. Hain zuzen ere, 2025 honetan, Biharko Izarrak txapelkentan gailendu da irundarra, baita Espainiako Txapelketan, Errege Kopan eta Lezamako Torneoan ere. Berriki, abuztuaren 28an, Zumaiako Dinastia Etxabe txapelketan irabazi zuen. 

Entrenamendu saio horien guztien ondotik, ailegatu da azkenik profesionaltasuna eta pilotariak “pozez" hartu duela ere onartu du, are gehiago debuta Irungo Uranzu frontoian eginen zuela jakin zuenean: “Berria pozez hartu nuen, baita Irunen izanen zela jakin nuenean ere. Partida handia jarri didate jokatzeko, lehen mailako pilotari handiekin eta ona da niretzat aukera hau aprobetxatzea, baita jendeak goza dezan ere”. Etxeko frontoia ez du anitzetan zanpatu Amianok, baina gustukoa duela ere adierazi du: “Irunen oso gutxi jokatu dut. Txapelketa bat jokatzen da hemen eta bertan lehian hasi nintzen, baina azkenean ezin izan nuen bukatu. Garrantzitsuena da profesional moduan jokatuko dudala hemen eta hori zen helburua”. 

Debuta lagun artean eginen du, bikote gisa Martxel Iztueta izanen duelako lehen partida horretan. Adin berekoak dira biak eta azken aldian elkarrekin entrenatu dute, nahiz eta Iztuetak lehenago ekin dion ibilbide profesionalari eta dagoeneko maila ona eman duen bertan. Aurkari gisa bertze bi ezagun izanen dituzte Uranzun, Erik Jaka eta Ander Imaz, hauek ere goi mailako pilotariak. Gogorra izanen bada ere, babestua sentituko da irundarra kantxan, baita kantxatik kanpo ere, ezagun artean emanen dituelako bere lehen pilotakadak profesionaltasunean. 

Irun hiriarentzat ere berezia da Amianoren debuta eta horrela adierazi du Borja Olazabalek ere, Irungo Udaleko kirol zinegotziak: “Azken boladan ez dugu esku pilotari profesionalik eduki hirian eta azkenean, lortu dugu. Beretzat berezia izango da hau, baita guretzat ere, udaleko kirol arloarentzat alegia. Urte batzuk daramatzagu Unai eta bere anaiaren ibilbideak jarraitzen eta bagenekin profesionaletan debuta hurbil egon zitekeela. Ate joka aritu ginen, enpresekin hitz egiten eskatuz, debuta egiten zuen momentuan, Irunen izan zedila. Eskaera eginda eta adostuta, azkenean posible izan da, akordioa erraza izan da eta pozik gaude”. 

Horrela, irailaren 19an (ortzirala), Uranzu frontoia pilotazalez beteko da Unai Amiano irundarraren lehen pilotakada profesionalez gozatzeko. Jaialdia 19:30ean hasiko da eta debutaren aitzinetik ere, bertze partida bat ere jokatuko da, hain zuzen ere, Bakaikoa-Morgaetxeberria eta Senar-Lizeaga pilotarien artekoa. Sarrerak dagoeneko salgai daude www.entradasfronton.com webgunean bitartez, 25 eta 30 euroen artean. Jaialdia baino ordubete lehenago ere frontoiko txarteldegian erosteko aukera izanen da.