Unai Amianok B serieko 4 1/2ko Txapelketaren finala jokatuko du

2025/11/03
Pasa den ortziralean, urriaren 30ean, pilotari irundarrak Rekalde garaitu zuen 22-18ko markagailuarekin, finalerako txartela lortuz. Amianok heldu den azaroaren 8an, larunbatean, jokatuko du finala etxean, Uranzu pilotalekuan, 17:30ean. Bertze finalerdia, Senar eta Muruaren artekoa, gaur jokatuko da eta hor erabakiko da zein izanen den irundarraren aurkaria finalean.
Unai Amianok B serieko 4 1/2ko Txapelketaren finala jokatuko du
Baiko

Unai Amianok B serieko 4 1/2ko Txapelketaren finalerako txartela lortu zuen, pasa den ortziralean (urriaren 30ean), Diman. Rekalde garaitu zuen irundarrak finalerdietan, 22-18ko markagailuarekin eta honela, finalerako txartela eskuratu zuen. 50 minutuko partida izan zen ortziralekoa eta galtzen hasi zen pilotari irundarra, 0-5koarekin. Dimakoak etxean irabazi nahi zuen eta hasieratik erakutsi zuen hori. Hala ere, Amianok azkar eman zion buelta markagailuari eta indartsu hasi zen bere aldeko tantoak egiten. Azkenik, 22-18ko emaitzarekin lortu zuen garaipena, baita finalerako txartela ere. 273 pilotakada egin zituzten bi jokalariek, Amianok 12 tanto lortuz eta 11 galduz eta Rekaldek berriz, 7 tanto eginez eta 10 galduz. Lehen partidan, Elordik eta Erostarbek 22-15 garaitu zituzten Peña II eta Ugartemendia.

Honen ondotik, gaur (azaroaren 3an) jokatuko da Tolosako Beotibar frontoian maila honetako bertze finalerdia. Senar eta Murua izanen dira bertan, aurrez aurre, eta partida honetako garaileak jokatuko du Unai Amianoren kontrako finala. Azaroaren 8an ospatuko da azken partida hau, larunbatean, Irungo Uranzu pilotalekuan, 17:30etik aitzinera. Pilotari irundarrak bertan egin zuen debuta orain dela hilabete eta erdi eta orain, eszenatoki berean, profesional gisan jokatuko duen lehen finala izanen du hurrengo erronka. Sarrerak dagoeneko salgai daude, https://www.baikopilota.eus/eu/sarrerak/ webgunean.