Unai Amianok B Serieko buruz buruko finala jokatuko du
2026/05/18
Pilotari irundarra, debuta egin eta zortzi hilabetera, bere bigarren finala jokatuko du. Kasu honetan, B Serie mailako buruz buruko finala izanen da eta Ander Muruaren kontra aritu beharko da. Finala Iruñeako Labrit pilotalekuan jokatuko da, heldu den maiatzaren 23an, 17:15etik aitzinera.
Unai Amianok etxean jokatu zuen bertze behin pasa den ortzirale arratsaldean. Irungo Uranzu frontoian jokatu ziren B serie mailako buruz buruko finalaurrekoak eta bertan, lortu zuen irundarrak finalerako txartela eskuratzea. Lehen finalerdian, Ander Murua aritu zen Alberdi II.aren kontra eta 12-22ko markagailuarekin irabazi zuen lehenak, finalerako lehen txartela ere eskuratuz.
Bigarren finalerdian berriz, Amiano eta Rekalde aritu ziren aurrez aurre eta partida parekatuago eta borrokatu bat jokatu behar izan zuen finalera iritsi ahal izateko. Ordubete eta bost minutu aritu ziren biak lehian, guztira 315 pilotakada emanez. Hasieran irundarrak mendean hartu zuen Rekalde, baina azken honek bere lekua ere aurkitu zuen frontoian eta markagailuan hurbiltzeko aukera izan zuen. Estu, baina azkenean Amianok lortu zuen arratsaldeko helburua: 22-17ko emaitzarekin irabazi eta finalerako txartela poltsikoratzea. Irundarrak 14 tanto egin zituen eta 7 galdu; Rekaldek berriz, 10 egin eta 8 galdu.
Honen ondotik beraz, Unai Amianok, debuta egin zuenetik 8 hilabetera, bere bigarren finala jokatuko du. Oraingo honetan, B serie mailako buruz buruko finala izanen da, heldu den maiatzaren 23an, Iruñeako Labrit pilotalekuan jokatuko dena.