Unai Amianok bere ibilbide profesionaleko lehen txapela lortu du
2026/05/25
Irundarrak 22-7ko markagailuarekin garaitu zuen Ander Murua, pasa den larunbatean Labriten, B serie mailako buruz buruko finalean. Baiko enpresaren eskutik profesional bilakatu eta zortzi hilabetera ailegatu zaio lehen garaipen handia Amianori eta dagoeneko bere lehen txapela lortu du, etorkizunerako ate zabala irekiz eta historia ere eginez.
Unai Amianok historia egiten segitzen du. Irunek inoiz izan ez duen pilotari profesionala bilakatu baitzen pasa den irailean. Horren ondotik, bi final jokatzeko aukera izan du Amianok eta bigarrenean ailegatu zaio bere ibilbide profesionaleko lehen txapela, final bat irabazten duen lehen pilotari profesionala izanda. Pasa den larunbatean gertatu zen hori, Iruñeako Labrit pilotalekuan. Amianok B serie mailako buruz buruko finala jokatu zuen Ander Muruaren kontra eta 22-7ko markagailu zabalarekin irabaztea lortu zuen, txapela ere jantziz, bere lehen txapel profesionala.
Ez zuen nolanahiko moduan irabazi gainera, 37 minututan lortu baitzuen Murua gainditzea, 207 pilotaka izan zuen partidan hain zuzen ere. 17 tanto egin zituen Amianok eta 5 galdu. Muruak ordea, 2 irabazi eta 5 galdu. Zaleen gozamenerako, bizi aritu zen irundarra txapela janzteko pilotaren katedral handian. Eszenatoki eta modu ezin hobeak izan zituen Amianok, orain dela zortzi hilabete hasi zuen ibilbidea urrats handiz ibiliz, eta etorkizunerako ere bide zabalagoa irekiz.