Unai Amianok lehen garaipena eskuratu du profesional mailan

2025/09/22
20 urteko pilotari irundarrak bere estreinako partida jokatu zuen pasa den ortziralean, irailaren 19an, Uranzu frontoian. Mariezkurrena IIarekin bikote eginez, Jaka eta Imaz garaitu zituzten, 12-22ko markagailuarekin. Baiko enpresaren eskutik eman du Amianok profesional mailara jauzia eta lehen garaipena ere eskuratu du, etxean egindako debuta ere borobilduz.
Unai Amianok lehen garaipena eskuratu du profesional mailan
EITB

Unai Amiano pilotari irundarrak pasa den ortziralean, irailaren 19an, egin zuen debuta profesional mailan. Uranzu pilotalekuan jokatu zuen bere estreinako partida, bere hiriko frontoian, eta garaipena ere eskuratu zuten bertan. Mariezkurrena IIarekin egin zuen bikote irundarrak eta Erik Jaka eta Ander Imaz bikoteari 12-22 irabazi zieten, modu ezin hobean hasiz bere profesional ibilbidea. 

Lagun eta familiartekoen babesaz inguratua eman zituen Unai Amianok lehen pilotakadak profesional mailan. Baiko enpresaren eskutik egin du debuta eta ez edonon gainera, etxeko frontoian aritu baita lehen aldiz profesional gisa. Uranzu pilotalekuan jokatu zuen Amianok, pasa den ortziralean, eta ederki borobildu zuen lehen partida ere. Mariezkurrenarekin bikote eginez aritu zen, Jaka eta Imazen kontra, eta 12-22ko markagailuarekin garaipena lortu zuen, lehen garaipena profesional mailan. Goi mailako pilotariak izan zituen aitzinean, baina 20 urteko gazte irundarra ez zen kikildu. Hasierako urduritasunak gaindituta, bere lekua hartzen joan zen etxeko frontoian eta tartea ere irekitzen Mariezkurrenarekin batera, partida bereganatuz azkenean. Pozik azaldu zen Amiano norgehiagoka bukatzean, eta bertaratutakoek ere horrela atera ziren Uranzutik, etorkizun oparoa duen pilotariaren lehen urratsak ikusi ondotik.