Zazpi herrialdeez osatutako Euskal Herriko selekzioa aldarrikatu du EHEPSAM taldeak Gernikan

2025/06/03
Igandean (ekainak 1) hasi zen Gernikan Zesta Puntako Munduko Kopa. Euskal Selekzioak lehen parte hartze ofiziala egin du bertan, 35 urtez luzatu den borrokaren ondotik. Hala ere, oraindik aldarrikapen anitz dituen afera da eta horiek aintzat hartzeko ekitaldi desberdinak egiten ari da aste honetan zehar Euskal Herriko Euskal Pilota Selekzioaren Aldeko Mugimendua Gernikan.
Zazpi herrialdeez osatutako Euskal Herriko selekzioa aldarrikatu du EHEPSAM taldeak Gernikan

Gernikan jokatuko da ekainaren lehen astean Zesta Puntuko Munduko Kopa, zehazki ekainaren 1etik 6ra, Jai Alai pilotalekuan. Euskal Selekzioak bere lehen parte hartze ofiziala izanen du bertan, 35 urteko borrokaren ondotik, pasa den abenduan Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak bazkide gisa onartu baitzuen taldea. Euskal Herriko Euskal Pilota Selekzioaren Aldeko Mugimenduak lorpen hau garaipen baten moduan hartu du, nahiz eta oroitarazi duen ere oraindik aldarrikapenak ugariak direla bide honetan. Adibidez, Euskal Herriko Selekzioaren barrenean zazpi herrialdeak bat egitea da hurrengo erronka. Izan ere, gaur egun, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako pilotariek soilik har dezakete parte Euskal Selekzioan. Nafarroa, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako pilotariek aldiz, ez dute baimenik euskal herritar gisa jokatzeko.

Igandean, pilotalekuaren aitzinean, lehen ekitaldia burutzeko elkartu ziren taldeko kideak, Espainiari eta Frantziari uko egin dioten pilotariekin solasaldi bat edukitzeko. Hori aprobetxatuz, EHEPSAM taldeak adierazpen hau irakurri zuen:

"Iazko abenduaren 28an, Iruñean ( Euskal Herria ) Nazioarteko euskal pilota Federazioak Euskadiko Pilota Federazioa onartu zuen bazkide gisa eta ondorioz, aurrerantzean, Euskadiko Euskal pilota selekzioak izango du aukera bere selekzio propioarekin aritzeko. Eta hain zuzen, hemen aurrean dugun Gernikako Jai Alai pilotaleku honetan gaur hasiko den Munduko Zezta Punta txapelketan hartuko du parte. Hori dela eta, hau adierazten dugu:

1)  Ongi etorria eman Euskadiko euskal pilota selekzioari 35 urteko borroka ondoren, lortu duelako Nazioarteko Euskal pilota Federazioaren onarpena eta ondorioz, hemendik aurrera, euskal selekzio gisa ofizialki nazioen txapelketan parte hartzeko aukera izango duelako. Oso pozik eta harro sentitzen gara guztiok. Nola ez gara ba pozik sentituko euskal pilotariak herri hau ordezkatuz bere ikurriñarekin lehiatzeko aukera izango dutenean. Zorionak!

2)  Baina lortutakoarekin pozik eta harro sentitu arren, ezin gara guztiz asetuak sentitu, zeren ( Nafarroa Garaia, Lapurdi, Nafarroa Behea eta Zuberoko ) euskal pilotariak, egun, ezin dutelako parte hartu onartutako euskal selekzio honetan. Horregatik, gaur hemen aldarrikatzen eta eskatzen ari garena ez da inungo inposaketa, gure anai-arreben borondatea onartzea baizik, garbi dugulako, zatiketa ez dela soluzioa, eskubide zanpaketa baizik.

3)  Gure esker ona adierazten diogu Nazioarteko euskal pilota Federazioari eta batik bat bertan Presidentea den Xabier Cauzabon jaunari bere jarrera irekiarekin aukera eman duelako orain 35 urte Kuban hasitako aldarrikapenaren zati bat onartua izan dadin. Orain, laster, espero dugu, Euskal Herria osatzen duten zazpi herrialdeak osatutako benetako selekzioa ofiziala izatea. Hori baita, herria hau osatzen dugun euskal herritar gehienen nahia eta ametsa.

Euskal selekzioa bai, Euskal Herrikoa ere bai!"

Honen ondotik, ekainaren 4an, 17:00etan, Gernikako kultur etxean mahai inguru juridiko bat ere eginen dute, Kiko Caballero Harriet legelaria eta Euskadiko Euskal Pilota Federazioko lehendakari ohiarekin, baita Iñigo Santxo Uriarte abokatua eta ESAITeko idazkari ohiarekin ere.