BETI GAZTEKO GIZONEZKOEK ETA DONEZTEBEK GARAIPEN BANA ESKURATU DUTE DENBORALDIKO AZKEN AURREKO JARDUNALDIAN
Multimedia

BETI GAZTEKO GIZONEZKOEK ETA DONEZTEBEK GARAIPEN BANA ESKURATU DUTE DENBORALDIKO AZKEN AURREKO JARDUNALDIAN

Beti Gazteko emakumeek, Gure Txokoak eta Baztanek aldiz, puntuak galdu zituzten asteburuan

Baztan-Bidasoaldeko futbol talde nagusien denboraldiak bukatzear daude eta azken eta azken aurreko jardunaldiak jokatu dituzte asteburu honetan. Beti Gazteko gizonezkoek eta Doneztebek denboraldiko azken aurreko jardunaldietan irabazi egin zuten eta Beti Gazteko emakumeek, Gure Txokoak eta Baztanek aldiz, ezin izan zituzten aurkariak garaitu.

Gipuzkoako Ligan, Beti Gazteko Ohorezko Erregional mailako emakumeek 1-2 galdu zuten pasa den ortziralean Intxaurdiren kontra. Azken momentura arte berdinduak egon ziren bi taldeak eta pena izan zen hiru puntuak etxean ez gelditzea. Donostiarrek bigarren gola sartuta, hara eraman zituzten hiru puntuak. Jardunaldi bakarra gelditzen zaie orain lesakarrei eta pozik emanen diote bukaera denboraldiari, ikusita ikasturte guztian zehar egindako lana ona izan dela, Ainara Otxoteko bigarren entrenatzaileak adierazi duenez.

Beti Gazteko Ohorezko Erregional mailako gizonezkoek aldiz, 0-2 garaitu zuten Hernani pasa den larunbatean. Hauek hiru puntu garrantzitsu poltsikoratu zituzten denboraldiko azken aurreko jardunaldian, matematikoki salbazioa lortzeko. Jardunaldi baten faltan beraz, lesakarrek lortu dute euren helburu nagusia, maila mantentzea eta orain, lasaiago emanen diote Mastegin bukaera urteari, Javier Escagües entrenatzaileak aipatu duenez.

Erregional mailako Gure Txokoak berriz, 2-1 galdu zuen denboraldiko azken jardunaldian Lazkao liderraren kontra. Igoera fasea jokatzeko eskubidea lortu nahi zuten beratarrek, baina azkenean ez zen posible izan. Bukaera bitarte berdinduak egon ziren bi taldeak eta behin jardunaldia bukatuta jakin zuten hori nahikoa izanen litzatekeela promozioa jokatzeko txartela eskuratzeko. Hala ere, porrota jaso zuten azken momentuan eta honekin aukera guztiak galdu zituzten. Zapore gazi-gozoarekin bukatu zuten denboraldia beratarrek, nahiz eta badakiten honek ezin duela ilundu urte guztian zehar egindako lana. Hau guztia kontuan hartuta, eta aurten ikasitakoa baliatuz, heldu den urtean berriz ere saiatuko dira igoera lortzen. Ganix Zubieta entrenatzaileak egin du balorazioa.

Nafarroako Ligan, Lehen Maila Autonomikoko Baztanek 3-1 galdu zuen denboraldiko azken aurreko partiduan Injertoren kontra. Hiru puntuak galtzea kolpe latza izan zen baztandarrentzat, baina azken jardunaldian oraindik ere promozioa lortzeko aukerak dituztela ikusita, gogoz eta indartsu daude garaipena eskuratzeko. Azken jardunaldia Giltxaurdin jokatuko dute, etxean, Peña Azagresaren kontra. Aurkariak Baztanek baino bi puntu gehiago ditu momentu honetan, eta baztandarrek garaipena eskuratu beharko dute nahita ez, promoziorako aukerak edukitzeko. Horrez gain, bertzeen emaitzen esperoan egonen dira. Iban Romo entrenatzaileak adierazi duenez, euren buruetan sinetsiko dute eta ahalegin guztiak eginen dituzte etxean, zaleen aitzinean, garaipena eskuratzeko.

Preferente mailako Doneztebek azkenik, 4-1 irabazi zuen Leitzako Aurrera taldearen kontrako derbian. Etxean jokatzen zuten azkeneko neurketa zen eta nagusitasunez irabaztea lortu zuten. Azken jardunaldiaren atarian, doneztebarren helburu nagusia sailkapeneko laugarren postua eskuratzea izanen da, ahalik eta goien bukatzeko, eta gol gehien sartu dituen taldea izatea, Joel Gil bigarren entrenatzaileak adierazi duenez.

(Argazkia: Bidal Etxarte)

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika