Albert Carbó: “Etxen jokatzeko abantaila dugu eta hori ongi baliatu behar dugu garaipena eskuratzeko”
Real Unionek Osasuna Promesasen kontrako partidua jokatuko du bihar, maiatzaren 17an, Stadium Galen (19:00). Denboraldiko partidurik garrantzitsuena izanen da, final baten modukoa. Izan ere, bi taldeak beharretan daude, eta biak ere helburu berarekin hasiko dute asteburu honetako partidua: garaipena eskuratu eta maila mantentzea. Hori lortzeko talde txuribeltzak abantaila txiki bat du Albert Carbóren iritziz, etxean jokatzea eta etxekoen bultzada sentitzea.
Talde irundarreko jokalariak “motibaturik” daude aipatu du Albert Carbó entrenatzaileak, baita “konfiantzaz” ere, biharko partiduari begira. “Final bat da, non talde bat egoera on batean jarriko den eta bertzea, egoera delikatu batean”, gaineratu du. Carbók adierazi duenez, etxean jokatzeak Real Unionen alde jokatzen du: “Normalean finalak zelai neutral batean jokatzen dira, baina oraingo honetan gure etxean ari gara eta hori garrantzitsua izan behar da garaipena eskuratzeko”.
Larunbat honetan irabaziz gero, talde txuribeltza leku erosoago batean kokatuko litzateke sailkapenari begira. Lehen RFEF maila mantentzea da hurrengo bi partiduetako helburua eta hori lortzeko, Osasuna Promesasen kontra garaipena eskuratu behar du Carbóren taldeak. Presio handiko neurketa izan daiteke, baina jokalariak “konfiantzaz” dagoela oanrtu du entrenatzaileak: “Zigorrak eta lesioak izan ditugu azken partiduan, baina taldeak ongi erantzun du beti. Kokapen guztiak ongi ordezkatuak ditugu gure plantillarekin eta badakit hamaikakoa ongi zelairatuko dela hasieratik eta bigarren zatian ere, laguntzeko prest dauden jokalariak izanen ditugula”.
Aurkaria berriz, gogorra izanen da. Osasuna filiala da, baina ez da ohiko filial baten moduan aritzen, Carbóren ustez. “Talentu handia duen filiala da, baina esperientziadun jokalariekin. Lehiakorragoak dira eta baloiarekin edo baloirik gabe jokatzeko gai dira. Defentsa ona dute eta ezin hobe lehiatzen dira. Gu adi egon behar gara trantsizioetan, batez ere, baina ikasteko balio izan diguten bertze partidu batzuk ere izan ditugu eta ongi egokituko gara”.
Stadium Galen jokatuko duten azken partidua da Real Unionentzat eta, momentu berezi honetan, horrek ezinbertzeko garrantzia izanen du. Carbók aipatu du “abantaila” dela etxeko zaleen aitzinean aritzea eta beharrezko “babesa” sentituko dutela. “Guztiok elkarrekin, jokalari, teknikari eta zaleekin, aurrerapausu handia eman dezakegu garaipena eskuratu eta Lehen RFEF mailan egoteko heldu den denboraldian ere”, oroitarazi du Albert Carbó entrenatzaileak.