Beti Gaztek ezin izan zuen Oiartzunen kontra berdinketa erdietsi
2026/11/24
Lesakako taldeak 1-0 galdu zuen gipuzkoarren kontra, berdinketa lortzeko saiakerak egin arren. Ohorezko Erregional mailako derbietako bat da bi taldeen arteko neurketa eta, etxean hobeki zelairatuta, Oiartzunek eraman zituen puntuak bertatik. Beti Gazte lehiakor mantendu zen azken momentura arte, baina ezin izan zituen beharrezko aukerak sortu, beharrezko gola sartzeko.
Gipuzkoako Ligako gizonezkoen Ohorezko Erregional mailako azken jardunaldian Oiartzun eta Beti Gazteren arteko derbia ospatu zen, Karla Lekuona zelaian. Testuinguragatik, berezia den partidua da hau, bi taldeen artean harreman estua dagoelako eta gogoz bizi dutelako norgehiagoka batzuk eta bertzeek. Horrela adierazi du Asier Salguero lesakarren entrenatzaileak ere, “mailako derbia izaten” dela erranez. Baina derbia ez zen nahi bezala hasi bisitarientzat, etxekoak ongi zelairatu baitziren eta baloiaren jabetza eduki zuten lehen ordu erdian. Horrela ailegatu zen lehen gola ere, 1-0ekoa Oiartzunen aldekoa.
Lesakarrek amore eman beharrean neurketa iraultzeko baliatu zuten egoera eta hortik aitzinera, “aurrerapausu bat” eman zutela onartu du Salguerok. “Baloiaren jabetza lortu genuen eta pisu handiena eraman genuen, baita bigarren zatian ere. Beraien zelaian jokatu genuen gehiago”, gaineratu du. Hala ere, ez zen nahikoa izan berdinketa erdiesteko, “kosta egin” baitzitzaien gol aukerak sortzea eta aurkariari “min ematea”. Horrela beraz, 1-0eko behin-betiko markagailuarekin bukatu zen partidua, “penaz” lesakarrak, baina “lanean segitzeko” grinarekin.
Garaipena eskuratzeko hurrengo aukera etxean izanen du Beti Gaztek, igandean, azaroaren 19an, Tolosaren kontra jokatu beharreko partiduan (16:30). Dinamika on honi segida eman nahiko diote hor eta hiru puntuak poltsikoratu.