Albert Carbó: “Irun guztia Galen egotea behar dugu”
Real Unionek Tarazona jasoko du bihar, maiatzaren 3an, Stadium Galen (18:00). Denboraldiaren azken txanpan sartuak daude txuribeltzak eta azken partidu guztiak final baten modukoak izanen dira. Ezinbertzekoak ditu puntuak Albert Carbóren taldeak jeitsiera postuetatik aldentzeko eta maila mantentzeko helburua lortzeko.
Pasa den asteburuko Gimnàstic de Tarragonaren kontrako porrota mingarria izan zela onartu du Albert Carbók. Hala ere, asteazkenetik aitzinera, biharko partidura begira dago taldea eta buru-belarri lanean ari dela ere onartu du: “Ezin dugu hazteko izan dugun jokoa galdu. Gure aldarteak eragina du egoera zail honi aitzin egiteko. Taldea ongi dago, bai fisikoki, bai mentalki ere, eta konsziente da partiduaren emaitzak duen eraginean. Nik konfiantza osoa dut taldearengan”.
Azken bi partiduetan jokalari bat gutiagorekin jokatu du Real Unionek eta horrek guztiz baldintzatu du taldeak lortu dituen emaitzetan. Asteburu honetan ere, txartel gorria jasotzeagatik kanporatua dagoen Quintana gabe jokatu beharko du talde txuribeltzak, baina entrenatzaileak argi du “hamaikako lehiakorra” osatuko dutela Tarazona garaitzeko.
Hamaikakoaz gain, Tarazonaren jokoari egokitu beharko da Irungo taldea: “Ikusi behar dugu ea baloiarekin erasokorra den Tarazona edo ez. Zuzenak izan beharko gara edota baloia eduki. Aurkaria defentsan ongi landutako taldea da. Hori kontuan hartuta, oso konpletoak izan behar gara eta lehiakorrak”.
Zaleen babesa ere ezinbertzekoa izanen da jokoan egonen diren hiru puntuak lortzeko. Carbók onartu duenez, “Irun osoa Galen egotea behar dugu, horrek lagunduko baitigu garaipena eskuratzen”. Argi dago hiru puntuak irabaztea Real Unionen ardura izanen dela, baina entrenatzailea guztiz sinetsita dago bere taldea hori lortzeko gai dela.