Alex Mozas: “Asobal Ligan ongi kokatzeko aukera bikaina dugu biharkoan”

2025/11/14
Irudek Bidasoa Irunek Logroño jasoko du bihar, azaroaren 15ean, Artalekun (17:30). Nexus Energia ASOBAL Ligako bederatzigarren jardunaldia izanen da eta Europako Txapelketako Multzo Faseko bi neurketa garrantzitsuren artean kokatuko da. Azken bi porrotek taldea desegonkortu dute, baina prest daude bidasotarrak berriz ere garaipenaren bidera bueltatzeko.
Alex Mozas: “Asobal Ligan ongi kokatzeko aukera bikaina dugu biharkoan”
Arrate Morales

Irudek Bidasoa Irunek Logroñoren kontrako partidua jokatuko du bihar, azaroaren 15ean, Artalekun (17:30). Bi porroten ondotik, gogoz dago taldea, etxeko zaleen aitzinean, garaipen bat eskuratzeko. Nexus Energia Asobal Ligan gora egiteko aukera dute asteburu honetan eta horrengatik borrokan izanen dira jokalariak. Gainera, neurketa hau, Europako Txapelketako Multzo Faseko bi norgehiagoken artean kokatzen da eta hor ere erronka garrantzitsu bat izanen dute bidasotarrek. 

Alex Mozas entrenatzaileak biharko neurketa testuinguru berezi batean emanen dela onartu du: “Logroño denboraldiko bere momentu hoberenean dator eta gu gure momentu okerrenean ailegatzen gara partidu honetara”. Hala ere, Bidasoak porrot egin duen bi neurketen mailari erreparatu behar zaiola adierazi du, izan ere, “porrotak dira, baina talde haniden kontra eta azken momentura arte lehiatzen”. 

Biharko aurkariaren maila goraipatu du Mozasek: “Talde oso ona da Logroño, plantilla ongi indartu duena eta fisikoki forma bikainean dagoena. Neurketa parekatua izanen da eta asko exijituko gaituzte”. Zenbait jokalariren gaitasunak ere azpimarratu ditu entrenatzaileak: “Preciado taldearen liderra da, defentsari dagokionez. Alvaro Martinezek ere laguntzen dio horretan eta bien arteko konexioa ona da. Xoanek ere asko laguntzen du, bertze urte batez Ligako atezain hobenetarikoa da”.

Honi guztiari aitzin egiteko, Bidasoak defentsa sendo bat erakutsi behar duela argi du prestatzaileak: “Beraiek zenbaki onak lortu dituzte defentsa mailan eta beraz, guk beraiek baino hobe defendatu behar dugu. Azken partiduetan ez dugu hori ongi egin, eta berriz ere aurrekoetan egindakoa berreskuratu behar dugu”. Horrez gain, “erasoan ere iniziatiba”  eduki behar dutela erran du Mozasek. 

Bidasoak ilusioa du “berriz ere garaipenaren bidera bueltatzeko” eta horrekin, biharko erronkari aurre egiteko prest dago taldea. Orain arte egindako lan ona aintzat hartuz, berriz ere eurengan konfiantza eduki behar du taldeak, Mozasek erran bezala, dagoeneko erakutsi baitute euren bertsiorik onena emateko gai direla. Biharko partiduan garaipena eskuratuz gero, Irungo taldea Asobal Ligako sailkapeneko lehen postuetan kokatu daiteke. Gainera, horrela, asteartean jokatuko den Saint Rapahelen kontrako itzulerako partidua ere motibazio bereziarekin hartuko luke taldeak, hor ere aitzinera pausu garrantzitsu bat emateko asmoz.