Europako Txapelketan aitzinera egiteko ateak irekiak ditu Irudek Bidasoa Irunek

2026/11/25
FH Hafnarfjordur taldearen kontra 35-40ko markagailuarekin irabazi ondotik, talde irundarrak Madeiraren kontra jokatu beharko du EHF European Leagueko Main Round-era pasatzeko aukera. Abantailak ekinen dio neurketa horri, Artalekun ospatuko baita heldu den abenduaren 1ean. Europako ametsa oraindik bizirik denaren poztasunarekin ekinen dio asteburuan Torrelavegaren kontrako erronkari ere.
Europako Txapelketan aitzinera egiteko ateak irekiak ditu Irudek Bidasoa Irunek
FH Hafnarfjordur 35
40 Irudek Bidasoa Irun
Irudek Bidasoa Irunek 35-40ko markagailuarekin irabazi zuen FH Hafnarfjordurren kontra, EHF European Leagueko Multzo Faseko bostgarren jardunaldian. Hasieratik lortu zuen talde irundarrak aitzinetik jartzea, eta lehen ordu laurdenean etxekoek lortutako berdinketa bakar baten ondotik, neurketaren buruzagitza hartu zuten Alex Mozasen mutilek eta bukaera bitarte lasaitasunez aritu ziren beraien jokoa proposatzen. Garaipena lortuta, Europako Txapelketaren hurrengo fasera pasatzeko aukera irekia du talde bidasotarrak, nahiz eta oraindik Madeiraren kontra jokatu beharko duen horretarako. Bidasoa modu serioan ekin zion partiduari, jokoan zegoenaren jakitun, eta segidan lortu zuen aitzina hartzea markagailuan (3-5, 10 min.). Hala ere, Hafnarfjordurrek emaitza berdintzea lortu zuen bost minutu beranduago, aurkariaren erritmoari eutsiz. Etxekoek lortu zuten berdinketa bakarra izan zen, izan ere, Alex Mozasen mutilek joko bizia erakutsi zuten bigarren ordu laurdenean eta, Failderen geldiketei esker, baita 2-6ko partziala eginda, sei goleko aldea lortu zuten atsedenaldira bidean (12-18). Alde hori murrizteko gai izan ziren islandiarrak, baina abantailarekin bukatu zuen Bidasoak lehen zatia, 15-19koarekin. Bigarren zatian, borrokarako prest kantxaratu zen Hafnarfjordur eta lau goleko aldea bira murriztu zuen segidan. Edonola ere, erreakzio honek ez zuen aunitz iraun, Bidasoak segidan lortu baitzuen bere joko eta erritmoari eustea eta sendotasunez aritzea azken ordu erdian. Erasoan fin ibiliz, eta defentsan sendo, markagailuan tartea irekitzen hasi ziren berriz ere, sei goleko alde zabalena berreskuratuz. Horrela, partiduaren azken txanpan lasaitasunez aritu ziren bidasotarrak, garaipena eskuan zutela, nahiz eta etxekoek emaitza iraultzeko saiakerak egin. Bost goleko aldeari ongi eusten jakin zuen Alex Mozasen taldeak eta honela beraz, 35-40ko behin-betiko markagailuarekin irabazi zuen. Multzo Fasean bi puntu gehiago batuta, eta Madeira eta Limoges-en arteko partidua frantziarren aldekoa izanda, talde irundarrak Main Round-era pasatzeko aukera zabalik du oraindik. Edonola ere, abenduaren 1ean jokatuko du aukera hori portugaldarren kontra Artalekun. Horren aitzinetik ordea, Alex Mozasen taldeak ASOBAL Ligari eutsi beharko dio asteburuan, zehazki ortziralean, azaroaren 27an, 19:15ean.