Alex Mozas: “Aste oso izan dugu partidua prestatzeko eta lan ona egin beharra dugu”
Irudek Bidasoa Irunek Frigorificos del Morrazo taldea jasoko du bihar, abenduaren 12an, Artalekun (20:30). Nexus Energia ASOBAL Ligako lehen itzulia bukatzear da eta bi taldeek ere garaipena eskuratu nahiko lukete biharkoan. Galiziarrak beharretan daude, sailkapeneko azken postuan baitaude eta merezi baino puntu gutiago dituzte bilduta orain arte. Bidasoak aldiz, sailkapeneko lehen postuak ditu begi bistan, taldearen hurrengo helburua Espainiako Koparako txartela eskuratzea baita, eta horretarako aitzinetik dituen taldeak gainditu beharko ditu. Ez da beraz, neurketa erraza izanen, lehen itzuliaren bukaera honetan nekea ere nabaria delako.
Europako Txapelketan egotea gazi-gozoa da batzuetan. Izan ere, poza emateaz gain, nekea ere dakarrelako jokalarien gorputzetan. Horrela sentitzen dira urte bukaera honetan Irudek Bidasoa Irungoak, nekearekin, baina hurrengo helburuak lortzeko prest. Hain zuzen ere, hurrengo erronka bihar bertan izanen du talde horiak, Frigorificos del Morrazo taldearen kontra jokatuko duen Nexus Energia ASOBAL Ligako hamahirugarren jardunaldian. Aurkaria puntuak eskuratzera etorriko da Artalekura eta, hasiera batean etxekoak faboritoak badira ere, arrisku handiko partidua izanen da. Galiziarrak sailkapeneko azken postuan daude kokatuta, 5 punturekin soilik, eta lehen itzulia bukatzeko, dinamika txar honi buelta eman nahiko diote.
Alex Mozas entrenatzaileak onartu duenez, aurkariak “bere %200a emanen du bihar. Beharretan dago eta arriskutsua izanen da guretzat. Ongi jokatzen ari dira, baina merezi dutena baino puntu gutiago dituzte. Neurketetan zenbait akats izaten dituzte azken aldian eta horrek zigortzen ditu. Hala ere, kantxa zailetan irabazteko gai izan dira eta uste duguna baino arriskutsuak izanen dira”. Honi aitzin egiteko, etxeko taldeak erregulartasuna behar duela aitortu du Mozasek: “Aurkariari berdin izanen dio zein duen aitzinean. Artalekura bere eskubaloia egitera etorriko da eta neurketa deseroso bat izanen da, zalantzarik gabe. Guk joko ona erakutsi beharko dugu eta horretarako konzentratuta egon beharko gara eta erregularrak izan. Akats guti egin eta ongi defendatu izanen dira gakoak ere. Erronka garrantzitsua izanen da biharkoa eta, fisikoaz gain, arlo mentala ere landu beharko dugu”.
Hain zuzen ere, bidasotarren nekeak neurketaren nondik norakoa baldintza dezake eta horren jakitun ere bada Alex Mozas, eta horregatik mentalki prest egon beharko da taldea erronka honi aitzin egiteko. Hala ere, deskantsatzeko tartea ere hartu dute jokalariek aste honetan, eta fisikoaren egoera beraz, “aitzakia” ez dela izanen azpimarratu du. Lehen itzulia bukatzeko hiru neurketa gelditzen direla ere oroitarazi du prestatzaileak, sei puntu guztira, eta horiek lortzea izanen da helburu nagusia. “Hain da handia lor dezakeguna, bertze guztiak garrantzia galtzen duela”, dio Mozasek. Beraz, aurkaria eta bere indarra alde batera utzita, Bidasoak guztia emanen duela zaleen aitzinean bi puntuak eskuratzeko.