Alex Mozas: “Atean eta defentsan ongi egotea izanen da gakoa guretzat”
Irudek Bidasoa Irunek Nexus Energia ASOBAL Ligako bigarren jardunaldiari ekinen dio asteburu honetan. Kanpoan jokatuko duen lehen partidua izanen da eta bidaia luzea izanen du aitzinetik taldeak. Izan ere, Angel Ximenez Puente Genil taldea bisitatuko du larunbat honetan, irailaren 20an, 17:30ean. Alcalde Miguel Salas kantxa beti da gogorra ASOBAL Ligan, bertako taldea indartsu azaltzen delako beti bertan. Honi aitzin egiteko, eta garaipena eskuratzen saiatzeko, Alex Mozasen taldean atean lan ona egin beharko du, baita defentsan ere, orain arteko bideari segida emanez.
Alex Mozas entrenatzaileak aitortu duenez, lehen aldia da Puente Genilerako bidaia denboraldi hasieran egiten duena: “Denboraldiko azken aurreko edo azken jardunaldietan bidaiatu izan dut beti hara eta nekearekin egin izan dut denboraldiko bidaia luzeena. Lehen aldia da hain goiz joatean naizena eta beraz, momentu ona dela pentsatzen dut. Fresko gaude oraindik eta ez dugu kargarik gure gorputzean”. Talde irundarreko jokalariek egin beharreko bidaia luzeak eragina du geroko errendimenduan eta Alcalde Miguel Salas kantxak ere ez du laguntzen, Ligako eszenatokirik gogorrena dela iritzi baitio Mozasek: “Bidaiak pisatzen du eta kantxa ere zailenetarikoa da. Taldeak etxeko partiduetan oinarritzen du bere sailkapena eta beraz, partidu zaila izanen da larunbatekoa”.
Denboraldiko lehen partiduan Puente Genilek porrot egin zuen Granollersen kontra eta orain, etxean, honi buelta eman nahiko diotela uste du entrenatzaileak. Lehen norgehiagoka horretan argilunak izan zirela ere azpimarratu du Mozasek: “Taldeak argilunak izan zituen Granollersen. Bigarren zatian momentu distiratsuak izan zituzten eta horrek agerian utzi zuen talentu handiko taldea dela. Etxean gainera, handitzen dira eta garaitzeko zailak dira”.
Bidasoak argi du zein den garaipena eskuratzeko gakoa. Alex Mozasek onartu du gol asko sartzen dituen taldea dela Puente Genil eta beraz, talde horia fin ibili behar dela atean eta defentsa lanean. “Gure jokoa ateko lanean eta defentsan oinarritu behar dugu, ongi funtzionatu beharko du horrek. Ongi egon behar gara, gol asko sartzen dituztelako beraiek, eta zenbaki hori murriztu beharko dugu larunbatean, garaipena eskuratu ahal izateko”, azaldu du prestatzaileak. Hori guztia lortzeko, momentu onean dago taldea: “Ongi entrenatu dugu eta lan ona egin dugu beraz, momentu ona da”. Horrela, indarrez eta gogoz, denboraldiko bidaiarik luzeenari ekinen diote bihar Bidasoako jokalariek, Puente Genilen bertze bi puntuak poltsikoratu ahal izateko.