Alex Mozas: “Aurkariaren indarguneak eta ahalguneak ikusi ditugu eta uste dugu ongi egin dezakegula”
Irudek Bidasoa Irunek EHF European Leagueko Multzo Faseko hirugarren jardunaldia jokatuko du gaur, azaroaren 11n, Saint Raphael taldearen kontra (20:45). Kanporaketa honen joaneko partidua gaur jokatuko da Frantzian, itzulerakoa berriz, azaroaren 18an Artalekun. Bi neurketa hauek final baten antzekoak izanen dira, sailkapenaren egoera dela eta. Izan ere, gaur elkarren kontra jokatuko duten bi taldeak puntuetan berdinduta daude eta bi emaitzek erabakiko dute zein talde pasatuko den hurrengo fasera.
Alex Mozasek gaurko partiduaren garrantzia azpimarratu du: “Neurketa guztiak garrantzitsuak badira ere, gu bion arteko hau final bat izanen da, taldeko sailkapena ikusita. Joaneko partidu honek garrantzia hartu du eta zaila izanen da, aurkaria talde ona baita eta bere kantxak guztia zailtzen du”. Orain artean Saint Raphalek Multzo Fasean izan zuen ibilbidea errepasatu du entrenatzaileak: “Flensburgen kontra partidu oso serioa egin zuen azken momentura arte. Detaileengatik galdu zuten azkenean. Etxean berriz, 20 golengatik irabazi zuten eta oso maila altuan aritu ziren”.
Hau guztia ikusirik, “neurketa motibagarria” izanen dela aurreikusi du Bidasoak eta guztientzat egoera honetan egotea “amets” bat dela oroitarazi du. Horregatik beragatik, gaurko partiduan pentsatuko dute lehenik eta emaitza jakinda, heldu den astean Artalekun jokatuko den joaneko partiduan pentsatuko dute ondotik: “Artalekun garaipena eskuratzeko behar dugun aldea jakingo dugu eta hori abantaila da. Hala ere, denetik pasatu izan zaigu eta ikusi beharko da”. Garrantzitsuena beraz, “gaurko jokoan zentratuta egotea” izanen da, batez ere bigarren zatian, Mozasen iritziz. Gakoak zeintzuk izanen diren ere argitu du entrenatzaileak: “Defentsan, intentsitatea izanen da gakoa eta denek atzean laguntzea. Erasoan berriz, taldean aritzea, baloia partekatzea eta egoera hoberenak bilatzea izanen da”. Aurkaria ere ongi ikertu du talde horiak eta bere “indagine eta ahulguneak” ongi aztertuta, “ongi” egin dezakeela uste du Bidasoak.