Alex Mozas: “Bidearen bukaeran gaude eta ilusioz kantxaratuko gara garaipena eskuratzeko”
2026/03/13
Irudek Bidasoa Irunek Barça hartuko du bihar, martxoaren 14an, Artalekun (20:30). ASOBAL Ligako urteko hitzordurik zirraragarrienetariko bat da jokalari eta teknikarientzat, baita zaleentzat ere, eta hortaz gozatzeko aukera izanen dute etxean. Gozatzeaz gain, garaipena eskuratzeko borrokan arituko dira, azken hilabete lanpetua modu ezin hobean borobiltzeko.
Irudek Bidasoa Irunek Barça jasoko du bihar, martxoaren 14an, Artalekun (20:30). Garaipena eskuratzea posible dela sinetsita kantxaratuko dira etxekoak, nahiz eta badakiten aurkariak ez dizkiola gauzak erraz jarriko. Hala ere, hitzorduz betetako otsail zaila borobiltzeko aukera izanen da bidasotarrentzat eta saiakera guztiak eginen ditu hori lortzeko.
Alex Mozas entrenatzaileak biharko neurketan garaipena eskuratzeko gakoak aletu ditu: “Talde hauek akats guztiak ongi ordainarazten dizkizute. Horrela, partiduaren erritmoa kontrolatzera behartuak gaude, zaila da, baina hori da ideia. Gainera, gol anitz ez jasotzea izanen da helburua, markagailuan urruntzea sahiestuz. Bukaera aukerekin ailegatu nahi dugu eta horretarako gakoa hori da, eurek 40 gol ez sartzea eta deseroso egotea”. Horrez gain, Bidasoak bere jokalariak “txandakatu behar” dituztela argi du Mozasek eta atean fin ibiltzea, eurek erasoak geldiarazteko. Erasoan ere asmatu behar dute bidasotarrek, ezinbertzekoa izanen delako markagailuan aldeak ez irekitzeko. Barçak behin baino gehiagotzen aipatu du “errespetua” diola Bidasoari eta horrela oroitarazi du prestatzaileak ere. Alde horretatik, bihar lehia eta borroka egonen dela aurreikusi dute.
Lesioek irauten dute Irungo taldean eta, berriz ere, gazteen babesa izanen dute lehiakortasuna bere horretan mantentzeko. Hori da Mozasek hilabete honetatik atera duen gauza positiboetako bat: “Badira jokalari gazte batzuk asko lagundu digutenak. Klubak duen onena da eta hilabete honetan berretsi dugu hori. Zaleek ere eskertzen dute bertako jokalari gazteak kantxan ikustea, taldearen parte sentitzen direlako horrela. Gainera, maila ona erakutsiz egiten dute debuta eta pozagarria da hori”. Beraz, bihar, ongi daudenekin eta gazteekin batera, Europako talde onenetako bati aurre egin beharko dio talde bidasotarrak.