Alex Mozas: “Biharko partidua heldutasunaren erakustaldia izanen da eta gorriz markatuta daukagu”

2025/09/24
Irudek Bidasoa Irunek Abanca Ademar Leon jasoko du bihar, irailaren 25ean, Artalekun (20:30). Bi garaipen eskuratu ondotik, talde irundarra prest dago bertze bi puntu eskuratzeko etxean, sailkapeneko bigarren postua mantentzeko. Hala ere, Gaztela Leondarrak ez dira aurkari errazak izanen. Orain arteko talderik indartsuena da defentsan eta beraz, bidasotarrek ere euren defentsarik onena, baita erasorik onena ere, kantxaratu beharko dute.
Alex Mozas: “Biharko partidua heldutasunaren erakustaldia izanen da eta gorriz markatuta daukagu”

Irudek Bidasoa Irunek astetartez jokatuko du Nexus Energia ASOBAL Ligako hirugarren jardunaldia. Hain zuzen ere, bihar (irailaren 25ean, 20:30ean), ospatuko da Artalekun bidasotarren eta Abanca Ademar Leonen arteko neurketa. Orain arteko aurkaririk onena izanen du aitzinean talde horiak, defentsa sendo bat duena. Horri aurre egiteko beraz, Alex Mozasen taldeak ere orain arteko defentsarik onena erakutsi beharko du kantxan. Horrez gain, erasoan ere fin ibili beharko dira etxekoak. 

Abanca Ademar Leoni ongi heldu zaio beti Artaleku. “Historikoki Irunera etortzea ongi heldu zaio taldeari”, aipatu du Alex Mozas entrenatzaileak. Hala ere, Irudek Bidasoa Irun, denboraldi honetan, “iraganeko mamuak uxatzen" ari dela ere azpimarratu du eta beraz, Puente Genilen egin bezala, oraingoan ere aurkaria garaitzeko prest daude bidasotarrak. Horretarako, etxekoak lanean ongi aritu direla ere jakinarazi du prestatzaileak: “Lanean ongi ari gara, denek anitz eman dute eta ziur gaude partiduan ongi egonen garela”. 

Erasoan eta kontraerasoan gogorra den taldea da Ademar Leon. Mozasek adierazi duenez, “Gonzalo Perez eta Dario Sanz jokalari onak dira eta baloi galera bakoitza ongi ordainarazten zaituzte. Orain arteko aurkarietatik defentsa onena duena da Ademar Leon eta beraz, gu ere ongi egon beharko gara, orain arteko defentsarik onena ere kantxaratuz”. Horrez gain, ahalik eta baloi gutien galdu behar ditu Bidasoak: “Baloi galerak ongi kontrolatu behar ditugu eta jaurtiketa bakoitza aprobetxatu, erasoan ere fin ibili behar baikara”. 

Denboraldia hasi zenetik, Bidasoak bi garaipen eskuratu ditu eta beraz, dinamika onean dago neurketa zail honi aitzin egiteko. Hala ere, oraindik hobetzeko anitz dutela ere onartu du Alex Mozasek: “Emaitza onak lortzen ari gara, baina oraindik ere ez gaude gure maila onenean. Guti goiti behiti, gure %60an gaude, beraz oraindik ere hobetzeko marjina handia dugu. Marjina hori edukita, lortzen ari garen emaitzak goraipatzekoak dira. Biharko partidua heldutasunaren erakustaldia izanen da eta gorriz markatuta daukagu. Izan ere, irabaztea positiboa izanen da gure etorkizunerako”. 

Bidasoak bihako duen helburuetako bat “ongi lehiatzea” da, baita “hobeki dauden jokalariak kantxaratzea” ere. Horretarako, plantilla egokia dutela erran du Mozasek: “Plantilla luzea dugu eta txandakatzeak egin ditzakegu, ez soilik partiduz partidu, baita partidu barrenean ere. Horrela, denek euren onena emateko gai dira eta hori errendimenduan eta emaitzan isladatzen da. Aurkaria nekatua dagoenean, guk neurketa hausten dugu”. Bigarren helburua “hasieratik konstanteak izatea da”. Entrenatzaileak aipatu duenez, “partiduetan sartzea kosta egiten zaigu, ez gure demerituagatik, baizik eta aurkarien merituagatik. Horregatik beragatik, neurketa hasieratik nagusi izaten saiatu behar gara”. Hain zuzen ere, hori landuko dute bihar bertan, Ademar Leon taldearen kontra. Jokoaren erritmoa ezarri nahi dute etxekoek, protagonistak izan zaleen aitzinean, eta orain arteko aurkaririk sendoenari aurre egin.