Alex Mozas: “Caserio Ciudad Realek gauzak zail jarriko dizkigu, baina partidu polita izanen da”
Irudek Bidasoa Irunek bihar emanen dio hasiera Nexus Energia Asobal Ligari. Artalekun jokatuko du lehen jardunaldia, irailaren 12an, 20:30ean, Caserio Ciudad Real taldearen kontra. Aurkaria maila gorenera igo berri den taldea da eta beraz, horrek gogortasun berezia ekarriko dio norgehiagokari. Garaipenak batzearen dinamika horretan sartua ailegatuko da Ciudad Real, nahiz eta Bidasoak ere etxetan jokatzearen abantaila izanen duen.
Alex Mozas entrenatzaileak ez du maite igo berri den talde baten kontra jokatzea Ligako lehen jardunaldia eta argi utzi zuen gauza bera pasa den denboraldiaren hasieran ere. Izan ere, dinamika onean heldu den taldea da igo berria eta horrek gogortasuna ematen dio partiduari: “Igo berri den talde baten kontra jokatzea beti da zaila. Pasa den denboraldiko dinamika onarekin iristen da, garaileen dinamikarekin. Gainera, igoera lortu duen azken urteetako talde onenetarikoa da. Urte asko daramatzate igoera lortu nahian eta euren meritu propioengatik eskuratu dute hori. Denboraldi honetan zer esana emanen dute, talde teknikoa ona baita eta fitxaje onak ere egin dituzte”.
Hala ere, Artalekun jokatuko du Bidasoak denboraldiko lehen jardunaldia eta hori beti abantaila da talde bidasotarrarentzat: “Gure onena ematen dugu beti Artalekun eta beraz, partidua, hasiera batean, gure alde dago”. Mozasen jokalariak ere dinamika onean ailegatu dira lehen partidu honetara, izan ere, Europako Txapelketako Multzo Faseko txartela lortu berri dute, denboraldi helburu nagusietako bat zena. “Kanporaketak gauza positibo anitz izan ditu”, onartu du entrenatzaileak eta gaineratu duenez, “bertze taldeek bino entrenamendu gehiago ditugu eta hori ona da. Ligako lehen partiduak beti dira arraroak, baina nik uste dut talde ongi ari dela lanean eta ongi lehiatzen ari dela, beraz, ongi eginen dituela gauzak oraingoan ere”.
Aurkaria goraipatu du prestatzaileak eta garaipena eskuratzeko gakoak ere azaldu ditu: “Gauzak ongi egiten duen kluba da Caserio. Defentsiboki oso gogorra da, zaila da gola sartzea. Erasoan ere, korrika egiten badute, joko ona dute. Alde horretatik, gure antza dutela ere esan dezakegu. Pasa den denboralditik, plantilla hobetu dute eta prest egon behar gara guk ere ongi jokatzeko”. Bidasoari buruz ere mintzatu da Mozas eta erran duenez, “etxean hobeak” dira horiak eta hori beraz, euren alde izanen da biharkoan. “Presiorik gabe jokatu behar dugu, erraztasunez. Defentsiboki ere ongi bagaude, aukerak izanen ditugu garaipena eskuratzeko. Aurkariak zail jarriko digu partidua, baina neurketa ona izanen da”, adierazi du.
Europako Txapelketako lehen helburuak lortuta, Irudek Bidasoa Irun Nexus Energia Asobal Ligakoen bila joan beharko da orain. Lehen puntuak irabazteko aukera paregabea du biharkoa Alex Mozasen taldeak, Artalekun, Caserio Ciudad Real taldearen kontra, 20:30ean.