Alex Mozas: “Defentsan ongi egotearen sentsazioa berreskuratu behar dugu oraingoan”

2026/02/12
Irudek Bidasoa Irunek denboraldiko bigarren itzuliko etxeko lehen partidua jokatuko du ortzirale honetan, otsailaren 13an. Cajasol Angel Ximenez Puente Genil taldea jasoko du bertan, 20:00etan, eta azken asteko emaitza kaskarrei buelta emateko aukera baliatuko dute bidasotarrek Artalekun, zaleen babesaren laguntzarekin.
Alex Mozas: “Defentsan ongi egotearen sentsazioa berreskuratu behar dugu oraingoan”
Irudek Bidasoa Irunek Cajasol Angel Ximenez Puente Genil jasoko du etxean, Artalekun, bihar (otsailaren 13an) 20:00etan. Talde bidasotarrak azken asteko emaitza kaskarrak irauli nahi ditu oraingoan eta horretarako aukera aprobetxatuko du etxean, zaleen babesarekin batera. Bi puntuak lortzeaz gain, asteartean Ciudad Realen kontra jasotako porrotatik mentalki altxatzea izanen da helburu nagusia. Ciudad Realen kontrako partiduaren ondotik, allegatzen da urteko etxeko lehen neurketa hau. Asteartean itxura txarra eman zuen taldeak eta Alex Mozas entrenatzaileak aipatu duenez, “orain taldearen nortasuna erakusteko momentua da”. Bi puntuak irabaztea izanen da helburua, baina hortaz gain, “burua altxatzeko” baliatu nahi dute jokoan dagoen garaipena. Denbora guti izan du taldeak biharko norgehiagoka prestatzeko, baina hori ere lagungarria izan da, porrotan gehiegi ez pentsatzeko: “Burumakur eta dezepzionaturik bukatu genuen partidua. Gogorra izan zen, orain artean ez genuelako horrelako itxura txarrik eman. Sailkapenean porrotak ez du hainbertzeko eraginik, baina mentalki kolpe latza izan da. Orain hori irauli nahi dugu”. Azken bi neurketetan gaizki egindakoak errepasatu ditu Mozasek eta bietan gauza bera errepikatu dela onartu du: “Arazoak leku berean ditugu, erdiko defentsetan. Horrek sendotasun falta ekartzen dio jokoari eta partiduaren kontrol galera. Hori izan da gure sentsazioa azken bi partiduetan eta hori da oraingo honetan berreskuratu nahi duguna. Sendotasun falta horrekin erasoan bikain ibiltzea behartzen ditu jokalariak eta hori ezinezkoa da”. Sailkapena oso estu dagoela ere oroitarazi du prestatzaileak eta berdin duela zein duzun aitzinean, edozeinek irabazi edo galdu dezakeelako. Garbi du Bidasoak Puente Genil irabaztera etorriko dela Artalekura eta “sendo ibiliko direla, bai defentsan, baita erasoan ere”. Horri aitzin egiteko abantaila ere izanen du talde horiak, etxeko zaleak izanen baititu ondoan: “Etxean jokatzea mesedegarria da. Denbora daramagu hortaz gozatu gabe eta gehigarri bat izanen da partidurako. Zaleak ere dezepzionatu genituen asteartean eta espero dugu gure ondoan egotea bihar, beraien laguntza behar baitugu neurketa hau aitzinera ateratzeko”. Zalantzarik gabe zaleen babesa izanen du Bidasoak biharko partiduan, gogoz daudelako hauek epe laburrean etorriko diren hitzordu garrantzitsuez gozatzeko, baita horietan ahalik eta mailarik hoberena emateko, berriz ere amesteko aukerak edukitzeko.