Alex Mozas: “Erregularrak izan behar gara, deserosotasuna eragin aurkariarengan eta bukaerara aukerekin ailegatu”
Irudek Bidasoa Irunek ia ez du astirik izan Bartzelonan jasotako porrotan pentsatzeko. Izan ere, handik bueltan, taldeak bertze erronka berri bati aitzin egin beharko dio bihar, urriaren 21ean 20:45ean. EHF European Leagueko Multzo Faseari segida emanen diote bidasotarrek Artalekun, SG Flensburg-Handewitt alde alemaniarraren kontra jokatu beharreko bigarren jardunaldiarekin. Neurketa zaila izanen dela aurreikusten dute guztiek, baina horretarako gakoak ere finkatu dituztela argi dute.
Alex Mozas entrenatzaileak garaipena lortzea posible dela pentsatu nahi du: “Nahiago dut zaila izanen dela pentsatzea, ezinezkoa baino. Horrela balitz, ez ginatekeelako kantxara aterako irabazteko gogoz eta hori da eginen duguna”. Neurketa “ia perfektua” egin behar dela argi du Mozasek, baina konfiantza du bere taldearengan ere. Izan ere, “inorrek ez du akatsik gabeko partidua jokatuko” eta beraz, bertze detaile batzuei begira egon beharko dira bi taldeak. Prestatzaileak onartu duenez, “modu erregularrean” aritzea izanen da horietako bat, Barçaren kontrako neurketaren antzekoa egitea alegia, Flensburg ere kataluniarren antzekoa baita.
Momentu honetan, Bundesligako liderrak dira alemaniarrak eta hor isladatuta gelditzen da taldeak dituen indargune guztiak. Horiek beraz ahal bezainbertze gutitu beharko ditu Bidasoak: “Euren bertuteak gutitu, deserosotasuna eragin eta bukaerara aukerekin ailegatzea izanen dira helburu nagusiak biharko partiduan”. Horretarako gakoa “bakarkako jokaldietan” egonen dela azpimarratu du Mozasek. Gainera, euren erasoak ere gelditzeko gai izan beharko direla aipatu du: “40 golen bueltan daude Bundesligan eta hori gelditzeko gai izan behar gara garaipenetik hurbil egoteko. Euren ahulguneak bilatu behar ditugu erasoan”. Bukatzeko, defentsan ere sendo egon behar da Bidasoa.
Edonola ere, entrenatzailea ziur dago Flensburgek badakiela aurkari gogor bat izanen duela aitzinean bihar Artalekun: “Flensburgek badaki zein motatako aurkaria izanen duen bihar. Ez dira etorriko pasiatzera, baizik eta ideiak argi edukiko dituzte eta partiduan sartuta egonen dira %100ean”. Hori guztia kontuan hartuta, bertze helburu bat izanen du taldeak biharkoan, Artaleku ezagutzen ez duen Alemaniako talde bakarrenetarikoak zapore gazia eramatea etxera bueltan.