Alex Mozas: “Erregularrak izan behar gara partiduan eta gure baliabideak ongi kudeatu”

2025/11/28
Irudek Bidasoa Irunek Recoletas Atletico Valladolid taldea jasoko du bihar, azaroaren 29an, Artalekun (20:30). Europako Txapelketaren hurrengo fasera pasatzea lortuta, bertze helburu baten bila joanen da oraingoan talde irundarra. Batetik, momentu honetan bere aurkari zuzena da Valladolid gainditzea eta puntuetan tartea irekitzea. Bertzetik, Espainiako Kopara begira beharrezko aurrerapausua ematea.
Alex Mozas: “Erregularrak izan behar gara partiduan eta gure baliabideak ongi kudeatu”

Irudek Bidasoa Irunek Recoletas Atletico Valladolid taldea jasoko du bihar, azaroaren 29an, Artalekun (20:30). Momentu honetan talde irundarraren aurkari zuzena da hau, puntuetan berdinduta baitaude sailkapenean. Biharko jardunaldiaren helburu nagusia, bisitaria gainditzea eta sailkapenean tartea irekitzea izanen da. Denboraldi hasiera honetan dagoeneko bi helburu erdietsi ditu talde irundarrak eta orain hirugarrenaren bila joanen da urtea bukaeran, Espainiako Kopan parte hartze txartela eskuratzea alegia.

Asteartean helburu garrantzitsua lortu zuen Bidasoak etxean. Potaissa Turda 35-30eko markagailuarekin garaituta, talde irundarrak EHF European Leagueko Main Round-era sailkatzea erdietsi zuen matematikoki, heldu den abenduaren 2ko azken jardunaldiaren faltan. Hori lortuta, orain Nexus Energia ASOBAL Ligako helburuak eskuratzeari ekinen dio talde bidasotarrak asteburu honetan bertan. Horretarako, Valladolid gainditu beharko dute etxekoek, momentu honetan bere aurkari zuzena dena. Bi taldeak puntuetan berdinduta daude sailkapenean eta beraz, partidu gogorra izanen dela aurreikusi du Alex Mozas entrenatzaileak: “Denboraldiko partidurik garrantzitsuena da biharkoa guretzat, batez ere aurkariarekin berdinduta gaudelako eta bere momentu hoberenean datorrelako Artalekura. Gure etxean garaipena eskuratzea bereziki garrantzitsua da, horrela bi puntuko aldea eskura dezakegulako. Hala ere, ez da partidu erraza izanen, baina gure helburua da Espainiako Kopan egoteko”.

Valladolid “meritu handiko taldea” dela oroitarazi du Mozasek, eta aurtengo denboraldirako osatu duen plantilla goraipatu du: “Jokalari garrantzitsuak galdu ditu aurten eta momentu honetan ere baja garrantzitsuak ditu taldeak. Hala ere, ez ditu faltan somatu momentuz, bertze batzuek aurrerapausu handia eman baitute. Atezaina ere bikain ari da lanean. Mota guztietako jokalariak dituzte, jaurtiketa onarekin eta ongi entrenatu eta jokatzen dute. Urte anitz daramatzate dinamika on honetan lanean”. Honi aitzin egiteko beraz, gakoa “erregularrak izatea” izanen da Bidasoarentzat. “Zaila” izanen bada ere, defentsan indarra erakutsi behar du etxeko taldeak eta, erran bezala, “erregularrak izan eta baliabideak ongi kudeatu”. Izan ere, azken asteetan karga handia dute jokalariek, astean bi neurketa jokatuta, eta nekea somatuko dela ere argi du prestatzaileak. 

Horregatik beragatik, “partidu bikain” bat egitea ezinezkoa da Mozasentzat, taldeak bizi duen egoeragatik: “Azken zati honetara estu ailegatzen ari gara. Jokalari batzuen bajek egin ditzakegun aldaketak baldintzatzen dituzte. Hala ere, beti agertzen dira bertze batzuk behar diren momentuetan, jokalari oneko plantilla baitugu. Gakoa beraz, errenta lortzea eta erregularrak izatea izanen da”.