Alex Mozas: “Erritmo altua inposatu behar dugu, bi edo hiru goleko aldea lortua ahal izateko”

2025/11/07
Irudek Bidasoa Irun lehiaketara bueltatuko du bihar, azaroaren 8an, Bathco BM Torrelavegaren kontrako partiduarekin (18:30). Nazioarteko selekzioen hitzorduek talde horiaren entrenamenduak baldintzatu dituzte, baina azken hiru egunetan elkarrekin prestatu ahal izan dute Nexus Energia ASOBAL Ligako zortzigarren jardunaldia. Neurketa zaila izanen dela aurreikusi dute, baina prestaketa ona izanen da heldu den asteartean jokatuko duten Europako Txapelketako partidurako.
Alex Mozas: “Erritmo altua inposatu behar dugu, bi edo hiru goleko aldea lortua ahal izateko”
Arrate Morales

Irudek Bidasoa Irunek bihar, azaroaren 8an, emanen dio hasiera denboraldiko lehen itzuliko bigarren zatiari. Torrelavegaren kontra jokatuko du bihar beraz, 18:30ean, Vicente Trueba kiroldegian. Nazioarteko hitzorduek baldintzatu dute talde horiaren prestaketa neurketa honi begira, baina azken hiru egunetan buru-belarri aritu dira lanean erronka berri honi aitzin egiteko. Partidu zaila izanen dela aurreikusi dute jokalari eta teknikariek, baina gogoz daude bi puntuak poltsikoratzeko. 

Bere kontratua luzatu berritan mintzatu da Alex Mozas entrenatzaileak biharko neurketaren inguruan. Bidasoak eskaini eta berak eman dion konpromezu berberarekin ekinen dio biharko erronkari prestatzaileak, baita bere jokalariak ere. Atsedenaldi txiki bat izan dute guztiek, nazioarteko hitzorduek baldintzatuta, eta zazpi jokalari gutiagorekin segitu dute entrenatzen denboraldiko lehen itzuliko bigarren zatia borobiltzeko. “Aste zailak izan dira, nazioarteko hitzorduek gure lana pixka bat gelditu dutelako. Zazpi jokalari joan dira euren selekzioekin eta, hori ona bada ere, gure lana zailtzen du. Aste hasiera honetan ere ezin izan dute gurekin entrenatu, baina azken hiru egunetan buru-belarri aritu gara lanean, ongi etorri baitira guztiak”, azaldu du Mozasek. Europako Txapelketan murgiltzen direnean saio egunak ere murriztu egiten dira eta beraz, entrenatzaileak onartu du hori guztia aitzakiarik ez dela. Gainera, “talde zabala” dute aurtengoan eta biharko partidua “motibagarria” dela ere azpimarratu du. 

Torrelavega Bidasoaren aurkari zuzena da momentu honetan, bi puntuko aldea baitute bien artean: “Neurketa motibagarria da gure aurkari zuzena delako. Bere etxean jokatuko dugu eta hor irabazten ahal den guztia ona izanen da. Bi aldiz segidan egin dute porrot beraiek azken aldian eta horrek biharko partidua zailtzen du. Gainera, babes handia izaten dute etxean jokatzen dutenean eta neurketak luzeak egiten dira”. Aurkaria gainera, Bidasoaren kontrakoa dela erran dezakegu, jokamoldeari dagokionez. Mozasek onartu du, beraien “antitesia” dela talde kantabriarra, “joko geldoago bat eta language bat dutelako, baloi galera gutirekin”. Hala ere, badituzte parekotasunak ere, izan ere, “defentsan oinarritzen” dituzte biek euren jokoak. Horregatik beragatik, prestatzaile horiarentzat garrantzitsua da euren erritmoa inposatzea: “Gure erritmo altua inposatu behar dugu. Eurek jasoko duten babesatik banandu behar gara eta bi edo hiru goleko aldea erdietsi behar dugu, hor mantendu eta garaipena eskuratu ahal izateko”.

Pasa den denboraldiko partidua du gogoan Alex Mozasek eta hori errepikatzea ona izanen litzatekeela onartu du: “Partidu handia egin genuen. Ezin izan genuen gehiegi prestatu eta ongi atera zen guztia. Antzekoa izatea espero dugu, baina ez gaude egoera berean”. Hala ere, Bidasoarentzat oraingo egoera hobea dela uste du entrenatzaileak: “Guk plantilla zabalagoa dugu eta ia guztiekin joatea espero dugu. Beraiek ere talde hobea dute eta oso argi dute euren jokoa”. Biharko garaipena hain da sari handia, prestatzaileak azaldu duen moduan, horren bila joanen dela taldea zalantzarik gabe, Irunera bi puntuak bueltan ekartzeko ahalegin guztia eginda.